2024-05-06
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakPatronala mahaira proposamen eta planteamendu berririk gabe berriro etortzeak agerian utzi du...

Patronala mahaira proposamen eta planteamendu berririk gabe berriro etortzeak agerian utzi du Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazka konpontzeko negoziaketarako aldarterik eza

Sindikatuok patronalei arduraz jokatzeko eskatu diegu, adostasunak erdiesteko gure borondatea adierazi eta martxoak 27an aurkeztutako giltzarrien dokumentuan jasotako ildoetan oinarritutako planteamenduak egiteko eskatuz.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok borondate osoa daukagu langileen eskaerei erantzun serio bat eman eta gatazka bideratzeko adostasunak erdiesteko. Horrela, adostasun horiek lortzeko, erabateko zintzotasunez makina bat saiakera ari gara egiten: Deitzen gaituzten bilera orotara joaten gara, akordioak lortzeko giltzarriak non dauden zehaztasun osoz adierazten dugu, gure eskaerak erabat neurtuak dira, eta malgutasuna erakusten ari gara gure planteamenduetan.

Bide horretan, ordea, langileen eskaerei erantzun eta gatazkari irtenbidea emateko ardura eta aukera dutenak, sektoreko patronalak eta Hezkuntza saila alegia, ez dira dagokien arduraz jokatzen ari.

Patronalek, behin eta berriro adierazi arren negoziatzeko borondate dutela, borondate hori ez da bere proposamenetan ageri, ez eta izaten ari den jokaeretan ere. Gogoratu behar dugu fede oneko negoziaketa batek eskatzen duen zintzotasuna behin eta berriro hautsi duela; horrela, sindikatuokin izandako aldebiko bileretan langileen eskaerei gehiago gerturatzen zitzaizkien planteamenduak egitera iritsi bazen ere, ondoren atzera bota ditu; langileen eskaerei erantzun gabe mobilizazioa desaktibatzeko asmo soilarekin, sindikatuon arteko hausturak eta langile zein ordezkarien arteko nahasmena sortzeko saiakera ugari gauzatu ere bai; azkena maiatzak 8 eta 9ko greben bezperetan (ustez diskretoak izaten ari ziren elkarrizketak publiko eginez, elkarrizketa horien baitan egindako proposamen neurtuari ezezko borobila emanez, eta sindikatu guztioi helarazi ere egin gabeko eta sindikatuok adierazitako ildoetatik erabat aldendutako proposamena ikastetxeetan zabalduz besteak beste).

Maiatzak 30erako sindikatuok deitutako bileran bertan ere agerian geratu zen adostasunak erdiesteko borondate eskasa izaten jarraitzen duela; izan ere, langileen eskaerei erantzuten dioten proposamenak ekarri ordez, maiatzeko greben aurretik ezaguna zen proposamen berdin berdina jasotzen zuen dokumentu bat ekarri baitzuten.

Agerikoa izan zen publikoki zerbait ekarri zutela esan ahal izateko soilik ekarri zutela dokumentua. Bilera hartan, hitzez adierazten duten negoziatzeko borondate hori, langileen eskaerei erantzungo dioten proposamen eta planteamendu konkretuetan zehaztu zezatela eskatu genien hurrengo bilerara begira; hain zuzen ere pasa den martxoan sindikatuok helarazitako adostasunetarako giltzarrien dokumentuan jasotako ildotik.

Gaurko mahaian ordea, beste behin ere agerian utzi digute hitzez haratago, adostasunetara gerturatzeko borondate gutxi dutela. Hala adierazten du gaurkoan ere maiatzeko greben aurreko eta maiatzak 30ean izandako bileran errepikatutako proposamen berdin berdina ekarri eta proposamena aldatzeko asmorik ez dutela adierazi izanak.

Hezkuntza sailaren aldetik ere, sindikatuon bilera deialdiak suposatu zion interpelazioa ekiditeko eta bilerara etorri ere ez egiteko aitzakia izateko asmoz, maiatzak 29rako deitutako edukirik gabeko bilera hartaz geroztik, ez da inolako pausorik eman gatazka bideratzeko.

Horregatik, sindikatuok, beste behin ere, patronalei eta hezkuntza sailari bakoitzari dagozkion ardurak bere gain hartu eta gatazka bideratzeko neurriak har ditzatela eskatzen diegu, langileen eskaerei erantzun egoki bat emango dioten planteamendu eta proposamenak eginez.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.