2026-03-17
HomeEkintza SindikalaGreba Orokorra jarraipen zabala izaten ari da lehen orduetan

Greba Orokorra jarraipen zabala izaten ari da lehen orduetan

Martxoaren 17ko greba orokorra hasi da Hego Euskal Herri osoan; jarduera ohiko astegun batekoa baino askoz baxuagoa da, eta trafikoaren dentsitatea jaitsi da.

Lantoki askotan langileek erabaki dute gaur lanera ez joatea eta piketeak euren lana egiten ari dira poligono eta hiri guztietan

M17ko greba orokorra hasi da eta lehen orduetan jarraipen zabala izaten ari da. ‘Gutxieneko soldata hemen erabaki. 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko’ aldarriak atxikimendu handia izan du langileen aldetik, eta ohiko asteguneko aktibitatea baino askoz baxuagoa da gaurkoa. Adibidez, trafikoaren dentsitatea nabarmen jaitsi da. Izan ere, langile askok erabaki dute lanera ez joatea eta piketeetan parte hartzen ari dira poligono eta hiri guztietan.

Industria: ekoizpena etenda dago lantegi askotan

Grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da industrian eta ekoizpena geldirik dago enpresa handi askotan. Gipuzkoan, adibidez, jarraipena ia erabatekoa da enpresa hauetan: KSB Itur; Inda Taldea; Elmubas; Korta; Ampo; Mendiaraz; Corrugados; Natra; Garay; Elay; Tesa; Yurrita; Arcelor Bergara; Ikankonitrek; CIE Legazpi; GKN; Indar; Hine; CAF Irun eta Beasain; Niessen; Lau lagun; Ubis; Mendiola; Ahlstrom, ITV zerbitzuak; Biele Azpeitia; Guerra Hnos Beasain; ABC Eibar; JMA; edo Indaux. Bide beretik, eta langileek hala erabakita, itxi egin dute honako kooperatibek: Irizar, Orona, Fagor Electrónica, Ulma Embedded…

Gauza bera gertatzen ari da Nafarroako ipar-ekialdeko enpresa hauetan: Funvera; Savera; Torraspapel; Lakuntza Calor; Barranquesa; Omnia; Magotteaux; Arcelor Lesaka; Portland; Aceros Moldeados; GhGuema; Mecaisa; edo Guerra Hnos. Nabarmendu behar da Iruñerrian grebak izan duen eragina Kybse, Icer Rail edo Ingeteam enpresetan, besteak beste.

Grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da beste lurraldeetako enpresa garrantzitsuetan ere: Bizkaian (Cementos Lemona, Kide, Cikautxo, Nemak, Kauxot, Kutenik, Losal, Bruss, Pronutec, Teknia, Sermanfer, Winoa, Ingeteam, Alstom, Gestamp, Arisawa, Salica…); eta Araban (Cie Goian, AEG, Cie Nova Recyd, Cie Gameco, SAS Autosystemtechnik, Fibertecnic, Dominion, Tauxme, Wec, Arcelor, eta Laminaciones Arregui). Eragin orokorraz gain, aipatzekoa da Aiaraldean izan duen eragina: Maderas de Llodio, Tubos Reunidos, Tubacex, Inausa, Amurrio Ferrocarril, edo Envases Metalúrgicos enpresatan, adibidez.

Aipatzekoak dira ere, Bizkaian, kostaldeko kontserberak eta grafikagintza sektorea.

Nafarroako Erriberan, lanuzteak eragin nabarmena izan du, besteak beste, honako hauetan: Congelados de Navarra, Uvesa, Florette, Viñedos Ría eta Huerta de Peralta.

Zerbitzu pribatuetan, eragin handia eskualde batzuetan

Zerbitzu pribatuetan ere jarraipen zabala aurreikusten da. Herri askotako merkataritza txikia ixtekotan da, baita eskola publikoetako, ikastoletako eta enpresetako jangela ugari ere (hauen artean: Krafft, Tesa, Fagor, EITB, Deustuko unibertsitatea, Karmelo Etxegarai, Lehiarreta eskola, Eskolapios, Jesuitak, Avifes, Kontxa eskola, Zubeldia eskola…). Nafarroako jangeletako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta ere, jarraipen zabala espero da.

Adibidez, merkataritzan itxita egongo direnen artean daude honako hauek: Elkar Euskal Kulturgintza; HYM; Cortefiel; Eroski; Dia (Bizkaia); Lidl; Movistar; Natura; Tezenis; Lidl Azkoitia, Eibar eta Hernani; Bricodepot Oiartzun (Gipuzkoa); Tezenis (Araba)… Bide beretik, garbikuntza zerbitzuak eten dira Termibus Bilbo-n, EITB Miramon-en, industria enpresa askotan (Petronor, CAF, Indar, Irizar, CIE, Elay, Fagor…) eta hainbat udaletan (Astigarraga, Ugao, Hernani, Basauri, Altza eta Oñatiko kiroldegiak…).

Azpikontrata publiko asko batu dira grebara, besteak beste, lorezainak (Sondika, Hondarribi, Sopela, Basauri, Lemoa, Ugao…) eta kale garbikuntza (Ugao, Lekeitio, Lemoa, Trapagaran, Lea Artibai, Elis ikuztegia…). Kiroldegi hauek itxita egongo dira: Soraluze, Beasain, Tolosa, Barakaldo Lasesarre eta Gorostiza, Orio, Basauri, Markina, Zornotza, Oiartzun, eta Orereta.

Araban, kirol kudeaketa eta ludoteketako langileen jarraipen zabala nabarmendu behar da.

Nafarroan, grebaren eragina aipatzekoa izan da kirol elkarte batzuetan (Oberena, Uharte), IAT eta supermerkatu handi batzuetan (Carrefour, Leclerc…).

Bi portuetan erantzun zabala aurreikusten da, esaterako Pasaiako Portuko Agintaritzan eta Bizkaiko amarratzaileetan.

Zerbitzu publikoak

Garraio publikoan linea askotan gutxieneko zerbitzuak besterik ez dira eskaintzen ari: Eusko Tren eta Metro Bilbao, adibidez. Errepidezko bidaiarien garraioan, Gipuzkoan: Donostibus eta Hiribus Zarautz.

Administrazio publikoan, esaterako Gipuzkoan, hamarnaka udaletxetan ia erabatekoa izango dira: Orio, Azpeitia, Zestoa, Hernani, Oiartzun, Usurbil, Astigarraga, Zumarraga, Zizurkil, Mendaro, Bergara, Arrasate, Zarautz, Beasain, Ordizia, Oñati, Idiazabal, Lazkao, Tolosa, Idiazabal edo Urretxu. Beste askotan oso jarraipen handia espero da (Errenteria, Legazpi, Donostia); baita Bizkaian ere (Busturialdea, Gernika-Lumo, Durangaldea, Arratian, Markina, Ispaster, Ibarrangelu, Galdakao…). Gasteiz eta Legutioko udaletan eta Gorbeialde eta Lautadako mankomunitateetan ere eragina garrantzitsua izango da. Nafarroan, Udal zerbitzuen jarduera oso murritza izan da herri batzuetan: Iruñea, Zizur Nagusia, Burlata, Atararrabia, Altsasu eta Leitza zein Sakanako Mankomunitateetan. Gauza bera Sasieta, Loatzoko eta Debagoiena mankomunitateetan eta Urola-Kosta udal elkartean.

Osasungintzan eta gizarte ongizate esparruan, beste behin ere, gutxieneko zerbitzuen bitartez, milaka langileri greba eskubidea ukatu zaio. Adibidez, gaueko txandetan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. Larrialdietako langileek ere %100eko gutxieneko zerbitzuak pairatu dituzte. Esku-hartzeko sektorean grebak jarraipen zabala izango du.

Hezkuntza publikoko ikastetxeetan jarraipena oso zabala izango da: EAEko langileen erdiak baino gehiagok greba egingo du. Sukalde ugari itxita egongo dira eta Heziketa Bereziko langileei gutxieneko zerbitzuek grebarako eskubidea guztiz baldintzatu dieten arren, grebalari asko egongo dira. Haurreskolak Partzuergoan eta Hego Euskal Herriko Ikastoletan ia erabateko lanuztea espero da. EHUko zein Nafarroako Unibertsitate Publikoko jarduera oso murritza izango da (%10koa baino txikiagoa, ziurrenik). Mondragon Unibertsitateko Debagoieneko lau fakultatetik hiru itxita egongo dira.

Komunikabideak

EITB taldean grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da eta informatiboak bakarrik ari dira emititzen (gutxieneko zerbitzuak). Honetaz gain, Gara, Berria, Hamaika Telebista, Argia aldizkaria, eskualdeetako Hitzak eta tokian tokiko komunikabide asko greban daude.

Ordu honetan milaka lagun dabiltza piketeetan Hego Euskal Herri osoko poligonoetan, eta hemendik aurrera herri eta auzoetako dinamikak ere martxan hasiko dira.

Informazio gehiago, 10:30 aldera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

[IRITZIA]: Enpresari nagiei martxoaren 17an greba!

Jarraian irakur dezakezue Oihana Lopetegi LABeko Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko arduradunaren eta Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunaren iritzi-artikulua. Confebaskek eta CENek, Hego Euskal...

Etxeko eta zaintza langileak ere grebara!

Etxeko langileen hainbat elkartek, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak eta martxoaren 17ko greba orokorraren deitzaileek (LAB, ELA, Steilas,Etxalde eta Hiru) agerraldia egingo dute Bilbon, greba...