2026-03-30
HomeLan Osasuna IdazkaritzaAmiantoaSalatzen dugu Cervantes eskolako teilatuan dagoen amiantoa kentzeko planifikazioan ez dutela kontuan...

Salatzen dugu Cervantes eskolako teilatuan dagoen amiantoa kentzeko planifikazioan ez dutela kontuan hartu bertan kokatuta dagoen haurreskola

LAB sindikatuak eskatzen dio Bilboko Udalari behar den aurreikuspenarekin jokatzeko, lanak hasi, lana dirauen bitartean eta bukaeran. Hau da, haurreskolan egin beharreko moldaketak umeen eta familien ongizatean oinarritutako planifikazioa egitea, obrak osteko garbiketa lanak haurreskolan ere modu egokian egitea eta azken finean, lan eta segurtasun prebentzio arduradun desbedinak elkarlanean aritzea. Bilboko Udalak du eraikin horien segurtasuna, garbiketa eta mantenuaren ardura. Beraz, berari dagokio horren guztiaren koordinazioa, hurrengo ikasturtea berme guztiekin hasi nahi bada. Bukatzeko, obra publiko askotan gertatzen den bezala, obra horren amaiera atzeratzen bada, eskola zein haurreskolarako alternatibak prest izatea eskatzen diogu Udalari, inprobisazioa bidaide txarra baita beti.

2016ko urtarrilean, hedabideen bidez jakin genuen ikastetxe batzuetan amiantoa topatu zela. Eta Bilbon, egoera horretan dauden eskolak 3 izanda, 2017ko irailetik prestatuta dagoen proiektu batean oinarrituta, Bilboko Cervantes eskolako teilatuan dagoen amiantoa kentzeko lanak aurtengo udan hasiko dira. Horrek, besteak beste, agerian uzten du Bilboko eskola publikoetako eraikinen egoera kaxkarra eta Udaletxea eta Eusko Jaurlaritza sustengatzen dituen EAJk duen konpromiso eza hezkuntzaren kalitatearekin.

LAB sindikatuak salatu nahi du, eskolan dagoen amiantoa kentzeko Bilboko Udalak egin duen plangintzan ez dela kontuan hartu eskolara atxikituta dagoen Haurreskola. Nabarmendu behar da Haurreskolak Partzuergoa enpresa publikoa dela, eta eraikinaren eskuduntza Udalarena dela.

Udalak proposatutako lehenengo proiektuan, amiantoa kentzeko obrak eskolako haurrek ikasturtea bukatzean hasiko zirela iragartzen da, kontuan hartu gabe Haurreskolan, uztailean ere, hezkuntza zerbitzua eskaintzen dela; haurrak, familiak, hezitzaileak eta udaleko langileak ohiko jardunean jarraitzen dutela, alegia.

Haurreskolak Partzuergoak hori jakin duenean, obraren hasiera uztailera atzeratzeko konpromisoa hartu du. Beraz, LAB sindikatuak jakin duen moduan, uztailean Cervantes haurreskolako jarduera Bilboko beste auzo bateko haurreskolaren batera eramango da. Erabaki horretan, eskolan ez bezala, haurreskolako familia eta langileek ezin izan dute parte hartu eta gaur da eguna, oraindik ere, haurreskolako familiak ez direla informatuak izan.

Berriro isiltasuna eta informazio eza nagusitu da. Agian hauteskunde kanpainan gaudelako eta datorren astera arte ez delako gomendagarria horrelako berri txarrak helaraztea euskal jendarteari. Baina horrez gain, LAB sindikatuaren ustez, isiltasun horrek urratu egiten ditu Arriskuak Prebenitzeko Legea eta amiantoaren erabilerarekin zerikusia duten beste hainbeste dekretu.

Azken urteotan, LAB bere jarduera sindikalaren baitan saiatu da lan osasunaren gaia guztion agendan agertu dadin; gune osasungarrian eta arriskurik ez dagoen eremuan lan eta bizi nahi dugulako.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gipuzkoako Odol Bankuko langileak greban, lan-baldintzak hobetzeko eskakizunarekin

Martxoaren 30ean, Gipuzkoako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko (odol bankua) langileek grebaren lehen eguna egin zuten. Hurrengo hiru egunetarako ere greba deialdia dago,...

LABek borrokarako deia egin du Gipuzkoako gasolindegietan, patronalaren eskaintza eskasaren aurrean

Gipuzkoako gasolindegien hitzarmena negoziatzeko hamabost bilera egin diren arren, patronalak oraindik ez du akordio batera iristeko adinako eskaintzarik egin. LAB sindikatua mobilizazioetan dabil Gabonetatik hona....

LABek kritikatu du Pradalesek aipamenik egin ez izana gutxieneko soldata ezartzeko eskumenari Sanchezekin izan duen bileran

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bilera izan dute gaur, eskumenen transferentziaz hitz egiteko. LABen ustez, Pradales lehendakariak dagozkion...