2026-11-08
HomeEkintza SindikalaLABek oso larritzat jotzen du CCOO sindikatuaren estrategia planifikatua administrazio publikoan euskararen...

LABek oso larritzat jotzen du CCOO sindikatuaren estrategia planifikatua administrazio publikoan euskararen normalizazioaren aurka joateko

Epaile euskarafoboen babespean, euskararen normalizazioa oztopatzen eta langileen artean ideologia baztertzailea hedatzen saiatzen ari da CCOO, langile publikoek, modu argian, euskararen normalizazioaren alde egin duten arren. LABek CCOOri adierazten dio ez duela halakorik onartuko, ez Errenterian ez beste inon.

Errenteriako Lan Eskaintza Publikoaren helegiteak, hautsak harrotzearekin batera, zenbait egia argitara ekarri ditu, eta administrazioa euskalduntzearen kontra ari diren antolaturiko taldearen atzean CCOO sindikatua dagoela erakutsi du. LABek martxoaren 4an egin zuen salaketan argitaratutakoa —euskararen normalizazioaren kontra eremu euskarafoboak ekinbide planifikatuak martxan dituela salatu zuen LABek— baieztatu eta azaleratu du Argia-k egindako ikerketak.

LAB sindikatuari oso larria eta onartezina iruditzen zaio CCOO sindikatua egiten ari dena, publikoki mezu bat erabiltzen duen arren —“administrazioa euskalduntzeko baliabide gehiago behar dira, nahi duen langileak euskara eskuratu dezan”—, pribatuan eta ezkutuan, era planifikatuan, euskararen normalizazioaren aurrerapena oztopatzeko lanean ari baita. Gainera, arazorik ez dagoen lekuan arazoa dagoela irudikatu nahi du, esaten baitu euskarazko hizkuntza eskakizunak oztopo direla behin-behinekotasuna murrizteko. Eta PSE bezalako alderdi politiko batek argudioa erosten dio, errealitatea ez den egoera bat orokortua dela esateko eta, bide batez, euskararen normalizazioa oztopatzeko; euskararen kontrako erasoak areagotzeko; CCOO-PSE binomioaren bidez euskarafobia indartzeko; euskara inklusiorako baliatu ordez, hori defendatzen duena “baztertzaile” gisa etiketatzeko.

Errenterian, esaterako, langileek ez dute inolako arazorik izan Lan Eskaintza Publikoak C1 euskara gaitasun maila eskatzearekin, eta behin-behinekotasun egoera bukatzeko Lan Eskaintza Publikora aurkeztu dira, ohiko prozedurak jarraituz, lanpostuan finkotasuna lortzeko helburuarekin. Baina CCOOk, bere kide baten bitartez, maltzurki bideratu du Osakidetzan lanpostua duen langile baten izen ematea, azterketara aurkeztu beharrik gabe helegitea jartzeko eta Lan Eskaintza Publikoa baldintzatzeko, Errenterian 25 lanpostu horietan C1eko hizkuntza eskakizuneko lanpostuak egon ez daitezen; Errenterian euskara gaitasun egiaztatua duten langileak finkatu ez daitezen, eta Errenteriako langileek bozkatu dituzten eta langileen ordezkaritzaren gehiengoa dugun sindikatuok euskararen normalizazioa sustatzeko bultzatzen ditugun neurrien kontra. Langileon kontra, eta jokabide antisindikalak bultzatuta.

Zenbat Errenteria egongo ote dira? Euskara baztertzailea dela sinestarazteko arkitektura da CCOOk sortu duena. Ordezkari eta hautagaien bitartez, langileak bultzatzen ditu Lan Eskaintza Publikoetan izena ematera, eta, doako abokatuen bitartez, bide juridikoa hasten du. Bide horretan, epaile euskarafoboek arrazoiak ematen dizkiete, euskararen dekretuak ez baitu inolako berme legalik. Pixkanaka lantzen joan diren ideologia baztertzailea da eurena, egoera zaurgarrienean dauden langileentzat euskara arazo bat dela argudiatu nahi baitute. Euskararen normalizazioaren alde egin dugun sindikatuok sustaturiko bidea da, ordea, langileek hautatu dutena, eta horretan aurrera egin dezagun berme legalak behar ditugu.

Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazio publikoan alde handiz hirugarren indarra den sindikatua da CCOO, ordezkaritza murritza duen arren euskararen normalizazioa baldintzatzen ari dena, PSE aliatu duela. Administrazio publikoan ordezkaritzaren %75a dugun lehen eta bigarren sindikatuok bultzatzen dugun euskararen normalizazioaren kontrako ildoa izango al da eremu publikoan langileen baldintzak eta hizkuntza-politikak ezarriko dituena? Hauteskunde sindikaletan langileek ez diote babesa eman, beraz, langileen kontra aritzea litzateke zuzenean. Hori al da EAJk hautatuko duena? Langileon ordezkaritzaren gutxiengoarekin bat eginez, langileon ordezkaritzaren gehiengo zabalaren kontra, euskararen normalizazioan atzera egingo duen araudia da inposatu nahi zaiguna.

Euskara kinka larrian dago, administrazio publikoan atzerakada nabarmena jasateko arriskuan. Beraz, orain arte lortutakoari eutsi eta benetako normalizazioa lortzeko berme legalak behar ditugu. Euskara erasotzen duten sindikatu, alderdi politiko eta jarrera erreakzionarioen aurrean erantzuteko ordua da, eta, berme legalak izan ditzagun, Enplegu Publikoaren Legea aldatzekoa. Administrazio publikoan sartzeko, euskara gaztelaniaren pare jarri beharra dago. Euskara administrazio publikoan aritzeko oinarrizko gaitasuna izan behar da hasieratik bertatik, eta legez babestu beharra dago. Horregatik, EAJri ausardia eskatzen dio LABek, PSE-CCOO binomioa sustatzen ari den euskararen kontrako eraso hauen aurrean men ez egiteko eta parlamentuan EH Bilduk aurkeztu duen zuzenketarekin bat egiteko.

Euskarak behar du, euskarak behar gaitu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.