2026-07-28
HomeEkintza SindikalaLAB sindikatuak jangelako langileak enpresen blokeoaren aurrean mobilizazioa areagotzera eta “jangelak hustu...

LAB sindikatuak jangelako langileak enpresen blokeoaren aurrean mobilizazioa areagotzera eta “jangelak hustu eta kaleak betetzera” deitzen ditu

LAB sindikatuak salatu du gaur sindikatuek eta jangelen sektoreko enpresek egindako negoziazio mahaiaren bilera inolako aurrerapenik gabe amaitu dela. Enpresek erabateko blokeo-jarrera dute, eta uko egiten diote langileentzat funtsezkoak diren gaiak negoziatzeari: soldatak parekatzea, lizentziak, lan-osasuna, lanaldia, …

LAB argia izan da: soldata parekatzea ez da ukitzen. Patronalaren geldotasunaren aurrean, mobilizazioa areagotzeko deia egin du sindikatuak, enpresek negoziatzen ez badute, erantzuna kalean izango delako. Jangelak hustu eta kaleak betetzeko unea da, lan baldintza duinak eta umeentzako kalitatezko zerbitzua defendatzeko.

LABek salatu du enpresek gezurrak zabaltzen dituztela eta kolektiboa desmobilizatzea bilatzen dutela, langileak eta gizartea nahastuz. Enpresen estrategia argia da: langileen borroka blokeatu, zatitu eta ahuldu.

Sindikatuak gogorarazi duenez, negoziazio mahaian zeuden hainbat enpresari (Auzo Lagun, Cocina Central Goñi, Cocina Central Magui, Eurest, Gastronomía Cantáice-Gasca, Gastronomía Vasca eta Tamar) 18 milioi euroko isuna jarri zien Lehiaren Euskal Agintaritzak 2016an, prezioak adosteagatik eta eskoletako jantokien kontratuak banatzeagatik. Enpresa horiek enpresa kartel bat osatzen zutela ondorioztatu zuen ikerketak, lehia arauak urratuz eta funtsezko zerbitzu publiko bati larriki eraginez.

Onartezina da legez kanpoko praktikak egin dituzten enpresek zerbitzu publiko bat kudeatzen jarraitzea, eguneroko zerbitzua ematen duten langileen baldintzak hobetzeari uko egiten dioten bitartean.

LABek Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren berehalako esku-hartzea exijitu du, jangelak azpikontratatutako zerbitzu publikoa direla eta administrazioak blokeo honen aurrean ezer egin gabe ezin duela egon gogoraraziz.

Sindikatuak, gainera, salatu du Mikel Torresek zuzentzen duen Lan sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla, greba eskubidea larriki mugatzen dutela eta ez dutela batere laguntzen gatazka konpontzen.

Egoera honen aurrean, LABek dei egiten die sektoreko langile guztiei martxoaren 10, 11 eta 12an mobilizazioetan masiboki parte har dezaten. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langabezia jaitsi arren, arrakalak sakonak dira

Lan harremanetan egiturazko ezberdintasunak mantentzen dira.

“Barraskilo operazioa”: Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan grebarako eskubidea urratu izanaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean

Barraskilo Operazioan parte hartu genuenok, isunak eta errepresioa salatzen ditugu, martxoaren 17an Euskal Herrirako 1.500 euroko LGSren aldeko greba orokorraren testuinguruan egindako ekintza baketsu batengatik.

Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri nahi du

Etxebideren araudia aldatzeko prozesuan da Itsasoren gidaritzapeko saila, eta sustapen bakoitzeko etxeen %30 gorde nahi du 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Etxebiden izena emanda duten 110.000 herritarren %70 diskriminatuko du araudi berriak.