2026-04-23
HomeEkintza SindikalaHerri eta auzoetako Greba Batzordeek deia egin dute herritarrek M17an parte hartzeko

Herri eta auzoetako Greba Batzordeek deia egin dute herritarrek M17an parte hartzeko

Nafarroa osoan sortutako herri eta auzoetako 30 Greba Batzorde baino gehiagotako ordezkariak batuak eta elkarrekin azaldu dira martxoaren 17ko Greba Orokorra eta bere aldarrikapen nagusia babesteko: 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa izatea, Nafarroan erabat beharrezkoa eta zentrala deritzotena.

Eskaera hori, azaldu dute, bizi eta lan baldintza duinen aldeko borrokaren baitan dago, eta aurre egiten dio langile pobreen herriak sortzeko kapitalak eta faxismoak duen estrategiari. Helburu horrekin, martxoaren 17an herri eta auzoak gelditzeko konpromisoa adierazi dute Greba Batzordeek eta herri eta auzoetako bizilagunei parte hartzeko deia egin diete.

Eskualdeka, herrika eta auzoka Tuteratik Beraraino, Nafarroa osoa zeharkatuz antolatuta daude Greba Batzordeak. 30 batzorde baino gehiago eratu dira eskualde guztietan banatuta, grebaren deialdia eta aldarrikapena lantegi eta lantokietatik harago zabaltzeko asmoz.

Komunikabideekin izandako prentsaurrekoan, batzordeen ordezkariek ohartarazi dute aberastasuna eta boterea gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen dela, eta bitartean, hainbat sektoretako gero eta langile gehiago bazterketa egoeran daudela. “Enpresariak gure kontura aberasten dira dena prekarizatuz. Horrez gain, sustatzen dituzten soldata eskasek, saltoki handien mesedetan, ezin dute gure herri eta auzoetako tokiko komertzioa bultzatu”. Horregatik, bat egiteko, antolatzeko eta kalera ateratzeko deia egin dute: “Martxoaren 17an herriak eta auzoak gelditzera goaz. Ez ditugu langile pobreen herri eta auzoak nahi. Soilik hemen erabakitako soldatek ziurta ditzakete bizi baldintza duinak denontzat”.

Horrez gain, Greba Batzordeek salatu dute Nafarroako Patronalak, UGT eta CCOO sindikatuek, Nafarroako Gobernuak eta eskuinak eskutik helduta ari direla langileen aurka, “aberastasunaren banaketa justua izateko gutxieneko soldata hemen erabaki eta hobetzeari uko eginez”. EH Bilduk eta Geroa Baik lege proposamena aurkeztu dute, datorren martxoaren 12an bozkatuko dena, eta honen onarpena PSN eta Contigo-Zurekin alderdien esku egongo da.

“Hemen bizi garenon oinarrizko beharrak asetzeko adina diru-sarrera egotea saihestu nahi dute Espainiaren izenean”, kritikatu dute batzordeko kideek. Haien ustez, gutxieneko soldata bakarra inposatzeak arrakala ekonomikoa sakontzen du eta identitate unionista sentimendua lehenesten du nafar langileen interesen defentsaren gainetik, logiko, zilegi, justu eta egingarritzat jotzen duten aldarrikapenari bide guztiak itxiz.

“Ez dago beste biderik, martxoaren 17an kalera atera behar gara”

Herritarren artean etxebizitza eskubidea bermatuta ez duten bizilagunak daudela adierazi dute Batzordeek, eta prekarietatea gehien pairatzen dutenak emakumeak, gazteak eta migratzaileak direla. “Gure auzokideak dira, langile klase berekoak gara. Beraz, ez dago beste biderik, martxoaren 17an kalera atera behar gara, denok bat”. Nafarroan gutxieneko soldata propioaren aldarrikapena, defendatu dute, “merezi duen borroka da, hemen lan egin eta bizi garen pertsona guztiei mesede egiten dielako, zerbait zentrala eta, une honetan, lor daitekeena”.

Azkenik, herritar eta langile guztiak gonbidatu dituzte haien herri eta auzoetan antolatuko diren ekintzetan parte hartzera eta azaldu dute arratsaldean, herri eta auzoetako langile zein eragile sozialekin batera, mobilizazio deszentralizatuak egingo dituztela. “Martxoaren 17an lehen ordutik gure herri eta auzoetako kaleetan aurkituko gaituzue.”

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Protesta ArcelorMittalen, Legasako plantan kaleratu duten langileagatik

ArcelorMittal Lesakako enpresa batzordeak Legasako lantokiko langile baten diziplinazko kaleratzea salatu du. Langile hori martxoaren 26an kaleratu zuten, "berehala eta kalte-ordainik gabe". Protesta gisa,...

LABek salatu du Tubacexen hitzarmen kaskarrago bat inposatzeko presioa, beldurra eta presak erabiltzen ari direla

LABek publikoki salatu du Tubacexeko zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazioan martxan jarri duen maniobra. Asanblada orokorraren eta plantillaren %90ek baino gehiagok babestutako lanuzteen ondoren, enpresa negoziazio-mahaitik desagertu...

LABek eta ELAk elkarretaratze bat deitu dute Lanbiden, lan-eskubideen galera eta eredu berriak segurtasun juridikorik ez duela salatzeko

LAB eta ELA sindikatuek —Lanbiden ordezkaritza sindikalaren gehiengoa dutenek— elkarretaratzea deitu dute gaur, erakundearen egoitza nagusiaren aurrean, lan-eskubideen galera eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko...