2026-11-07
HomeEkintza SindikalaLABek exijitu du Nafarroako zahar egoitzen hitzarmen propioa eta ohartarazi du aurrerapausorik...

LABek exijitu du Nafarroako zahar egoitzen hitzarmen propioa eta ohartarazi du aurrerapausorik ez badago presioa areagotuko duela

LAB sindikatua Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren (CEN) egoitzaren aurrean mobilizatu da gaur, sektoreko patronalei eskatzeko Nafarroako zahar egoitzetarako hitzarmen propio baten negoziazioan aurrera egin dezaten. Erakunde sindikalak salatu duenez, sektoreko enpresek diru publikoarekin irabaziak lortzen jarraitzen dute, langileak zahar egoitzen estatuko hitzarmenaren menpe mantentzen dituzten bitartean, non soldatak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) azpitik dauden.

LABek gogorarazi du historikoki defendatu duela bereziki prekarizatuta dagoen sektore bateko langileen lan eskubideak babestu eta bermatuko dituen foru hitzarmen bat sortzea. Hala ere, azaldu du LABek, patronalek urteak daramatzate hitzarmen honen negoziazioa luzatzen, eta egoera horrek, Nafarroako errealitate sozioekonomikoarekin bat ez datozen lan-baldintzak dakartza.

Martxoaren 17ko greba orokorrak garrantzi berezia du zahar egoitzen sektorean, langileek estatuko LGSren azpitik dauden soldatak jasotzen jarraitzen baitute. Deialdi honekin, LABek gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen du, langile hauen errealitateari eta sektorea estatalizatuta ez egoteari erantzungo diona.

Sindikatutik ohartarazi dutenez, egoera aldatzen ez bada, mobilizazioekin jarraituko dute eta kaleko presioa areagotuko dute, Nafarroako egoitzetako langileentzat eskubide eta baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen bat lortu arte. “Ez dugu onartuko zaintza negozio bihurtzea; baldintza duinak eskatzen ditugu zaintzen gaituztenentzat”, adierazi dute LABetik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.