2024-05-04
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaZerbitzu publikoetan enplegua egonkortzeko lege propioa aldarrikatu dugu Gasteizen

Zerbitzu publikoetan enplegua egonkortzeko lege propioa aldarrikatu dugu Gasteizen

Zerbitzu publikoetako LABeko delegatuek enplegua egonkortzeko lege propioa eta murrizketa guztiak atzera itzultzeko aldarrikatu dute Gasteizen. Santiago ospitaletik abiatuta, EAJren egoitzaren aurretik igaro eta parlamentuaren ateraino eraman dute aldarrikapena. Izan ere, zerbitzu publikoetako bitarteko langileek pairatzen duten ezegonkortasuna eta prekarietatearekin amaitzeko bide egokiena berariazko lege bat egitea delakoan gaude LABen. Bestalde, Eusko Jaurlaritza EAEko aurrekontuen ildoak prestatzen ari denean, enplegurako plan integralak eta egindako murrizketak atzera bueltatzeko unea ere bada, eta Mahai Orokorra gaiok lantzeko lehenbailehen deitzeko eskaera egin dugu dagoeneko.

Azken urtea hauetan ozen aldarrikatzen ari gara murrizketen garaiarekin amaitu beharra dagoela eta negoziazio marko ezberdinetan kalitateko zerbitzu publikoak ahalbideratuko dituzten negoziazio prozesuak martxan jarri behar direla. Erakunde ezberdinetako gobernuek aldiz ez dute benetako negoziazio prozesurik irekitzeko inolako borondaterik; Madrilek aldebakartasunez agindutakoa gogo onez onartu eta ezarri egiten dute, erantzukizuna gainetik kenduta gainera.

Hainbat erronka ditugu murrizketak berreskuratzerako orduan, baina zalantzarik gabe euskal administrazioetan dagoen behin-behinekotasuna da momentuan daukagun arazorik larrienetakoa. Murrizketa garaietan egondako debekuek eta azken urteetan politikarien utzikeriak bitarteko langileen kopurua gora joatea eragin dute. Gaur egun administrazio gehienetan %40tik gora dago behin-behinekotasun tasa, eremu batzuetan 50 urte baino gehiagoko bitarteko langileak ari dira zerbitzu publikoak aurrera ateratzen. Argi eta garbi esan dezakegu zerbitzu publikoetan ere prekarietatea nagusi dela; ez egonkortasuna, hain zuzen.

LABek pasa den urtean enplegu plan integral bat negoziatzeko eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzari. Gure ustez, plan horren abiapuntua ezinbestez langileen egonkortasuna izan behar da, bai egun lanean dauden langileena zein etorkizunean egongo direnena ere. Hauek izan dira gure aldarrikapen nagusiak:

• Kontsolidazio prozesuak euskal administrazioen beharretara egokitu. Horretarako Legebiltzarrak onartu beharko lukeen eremu publiko osorako lege propio bat beharrezkoa da.

• Bere borondatez aurretiazko erretiroa hartzen duten langile guztientzat diru sariak berreskuratu.

• Zerbitzu publikoetan ezegonkortasunarekin betirako amaituko duen enplegu deialdi publiko sistema berritua:

▪ Zerbitzu publikoetan belaunaldi aldaketa ahalbideratuko duena.
▪ Maila eta kidego guztiak kontuan hartuko dituena.
▪ Gardentasuna eta aukera berdintasuna oinarri izango duena.
▪ Bakante guztiak egonkortasunez bete daitezen beharrezkoa den maiztasunarekin deitua izango dena.

Orain arte Gobernuaren erantzuna propaganda besterik egitea izan da. Legealdi osorako 13.500 lanpostuko deialdi publikoak egingo zituela iragarri zuen bere garaian. Guk argi eta garbi esan genion kopuru horiek bere horretan ez direla nahikoak izango daukagun egoerari aurre egiteko. Denborak arrazoia ematen ari zaigu eta behin-behinekotasuna bere horretan edo eta areagotzen ari da. Gobernuak ordea enpleguaren gaia konpontzeko borondaterik ez duenez, jendartearen kezka nagusi den prekarietatea propagandarako besterik ez du erabiltzen.

Egoera zein den ikusita, Mahai Orokorra bildu eta gai zerrendan enplegu egonkortasuna ahalbideratuko lukeen kontsolidazio lege propio baten eztabaidarako puntua proposatzea erabaki dugu. Bada garaia dauzkagun erronkei aurre egiteko behar ditugun tresna propioak sortzen hasteko.

Gaurkoan bezala mobilizatzen jarraitu beharko dugula argi dago. Gobernuak gaur egun negoziazio eremuak propagandarako erabiltzen ditu, inolako negoziazio prestutasunik erakutsi gabe. Ozen esan nahi diogu Gobernuari ez gaituela LABekoak hor aurkituko, edukirik gabeko negoziazio mahaietan hain zuzen. Edukiak nahi baditugu beraz hortzak erakusten jarraitu beharko dugu!!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.