OTISeko Donostiako plantako langileek gaur izan dute martxoaren 6ra arte luzatuko den greba deialdiaren lehen eguna. Enpresak modu arbitrarioan burutu zuen kaleratzearen ondorioz, eta otsailaren 12ko Langile Asanbladak gehiengo zabalez bide emanda, hasi dute aste honetan zehar luzatuko den borrokaldia.
Bertan, Langile Batzordeak bi aldarrikapen nagusi ditu: alde batetik, enpresak harturiko erabakian atzera egin eta jazarritako langilea berehala onartzea. Bestetik aldiz, enpresak kaleratzean izan duen jarrera salatu eta honelako jarrerarik onartuko ez duela jakinaraztea.
Hau honela, hainbat mobilizazio egingo dituzte langileek aste osoan zehar. Aipatzekoak dira besteak beste; asteazkenean 11:00tan Donostiako Boulevardetik abiatuko den manifestazioa edota ostegunean 12:30 OTIS enpresa bertatik hasita burutuko dutena.

