2024-05-04
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakGasteizko Legebiltzarreko taldeekin bilduko gara negoziatzeko borondate eza salatzeko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako...

Gasteizko Legebiltzarreko taldeekin bilduko gara negoziatzeko borondate eza salatzeko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkan

Dagokien arduraz jokatu eta langileen eskaerei erantzunez gatazkari irtenbidea emango dioten proposamenak bideratzeko eskatzen diegu patronalei eta Hezkuntza sailari.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eman ditugu azken urteetako pauso guztiak, bereziki azken hilabetetakoak.

Gatazka osoan zehar, batik bat azken hilabeteetan, jarrera erabat aldakorra, ulergaitza eta larria izan du patronalak. Urtarrileko 8 greba egunen ostean sindikatuokin izandako aldebiko bileretan adostasunak erdiesteko aukera irekitzen zuten planteamenduak egin arren, ondoren, martxoak 25eko negoziazio mahaian planteamendu hauek atzera bota zituen; mahai hartan egindako azken proposamena definitibo eta aldaezin bezala aurkeztu zuen negoziatzeko edozein aukera itxiz; jarrera itxi horren aurrean, egoera desblokeatzeko saiakeran sindikatuok adostasunak erdiesteko giltzarriak jasotzen zituen dokumentua helarazi bagenion ere, dokumentuari erantzun ere ez zion egin; azkenik, gatazkari bide emateko asmoz apirilak 2rako sindikatuok patronal eta Hezkuntza sailari luzatutako bilera deialdiaren aurrean, bilera hartara agertu ere ez egiteko erabakia hartu zuen.

Hezkuntza Sailak, berriz, erabateko arduragabekeria erakutsi du gatazka honi irtenbidea ematerakoan. Bere inplikazioa sindikatuokin biltzera mugatu da, sindikatuon eskariz eta jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren soilik; Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, Hezkuntza Sailak orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman gai honi buruz hitz egiten hasteko inolako pausorik; eta gaur gaurkoz emandako pausoak erabat eskasak izan dira, ez baitute birkokapenerako gutxieneko bermerik erakusten; azkenik, apirilak 2rako sindikatuok egindako bilera deialdiaren aurrean ere, deialdi hura gatazka bideratzeko aukera bezala baliatu ordez, eskuak garbitzen eta gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzea erabaki zuen.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei taxuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta Hezkuntza sailaren inplikazioa. Baita ere, ibilbide guzti honetan zehar greba eta mobilizazioak egon direnean soilik mugitu direla bai bata zein bestea.

Hala adierazi genuen sindikatuok pasa den otsailean Legebiltzarrean izandako agerraldian; eta agerraldiaren ondoren Legebiltzarrak eskaera bat onartu zuen non finean eskatzen zion Hezkuntza sailari gatazka honetan inplikatzeko. Tamalez, maiatza iritsi delarik patronalen negoziatzeko borondate ezak zein Hezkuntza sailaren inplikazio falta eta arduragabekeriak bere horretan jarraitzen dute. Horregatik, sindikatuok Legebiltzarreko taldeekin bilerak eskatu ditugu datozen egunotan egoera salatzeko eta Legebiltzarrak emandako zeregina betetzen ari ez dela adierazteko.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, maiatzaren 8 eta 9rako deitutako greba egunen bezperetan, bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain hartuta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, har ditzatela gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak hartu, eta planteamenduak ekar ditzatela.

Sindikatuok adostasunetara iristeko gure borondatean berresten gara, bai patronal bai Hezkuntza sailari helarazi genien giltzarrien dokumentuko edukietan sakontzeko borondatea agertuz eta, apirilak 2ko bilerara ez etortzeko erabakia hartu bazuten ere, edozein leku eta unetan beraiekin biltzeko aukera berretsiz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.