84 langile hil ziren lan istripuz pasa den urtean, eta ia 700, denera, azken 10 urteetan. Laneko arriskuak eta prebentzio falta salatu dituzte LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek, eta patronalaren zigorgabetasunarekin amai dezaten exijitu diete gobernuei.
LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Bilbon, lan istripuei buruzko urteko txostenaren berri emateko. Iaz Euskal Herrian 84 langile hil zirela salatu dute. Sindikatuek beren afiliazio-sareen eta komunikabideen bidez izan dute heriotza horien guztien berri, Osalanek emandako datuak ez baitira gardenak.
Lan Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean sartu zenetik 30 urte bete diren egunean, sindikatuek salatu dute Euskal Herrian istripuen kopurua etengabe ari dela handitzen. Iaz 84 pertsona hil ziren Euskal Herrian, eta horietatik 30 Nafarroan. Azken 10 urteetan gutxienez 696 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian.
2025eko zifra azken hamarkadako altuena da. 84 hildakoetatik, 25 ez traumatikoak izan dira; 17, kolpeen edo harrapaketen ondorioz; eta 3, altueratik erorita, besteak beste. Sektoreei dagokienez, nabarmendu behar da, besteak beste, hildakoetatik 22 garraiolariak zirela, 16 industriako langileak, 12 eraikuntzakoak eta 3 baso lanetakoak.
Sindikatuek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak istripu hilgarrien kopuru garrantzitsu bat zenbatzeari uko egiten dio. Izan ere, sindikatuek identifikatutako 50 istripuetatik 30 baino ez ditu aitortzen. Garraiolarien heriotzak, obra zibilekoak, heriotza ez-traumatikoak edo in itinere edo in mision gertatutako hainbat ez dira kontuan hartzen. Kanpoan uzten dira istripua gertatu ez zen autonomia erkidegoan alta emanda ez dauden langileen heriotza guztiak. Lan heriotza bezala ukatu diren 2025eko heriotzen artean, kasu honetan Nafarroan, bereziki larria dena aipatu nahi izan dute sindikatuek: 2025eko martxoaren 5ean azken hamarkadetako istripurik larriena gertatu zen: 4 pertsona hil ziren Fiteron, bi kamioik aurrez aurre talka eginda. Bi senar-emaztek gidatzen zituzten kamioiok. Lau pertsonek garraiolari txartela zuten, ibilbide luzeak egiten zituzten eta kamioietan bizi ziren. Sindikatuen iritziz, gure errepideetan dagoen XXI. mendeko esklabotza motaren adierazle nabarmena da istripua, eta horren aurrean gobernuek neurriak hartu beharko lituzkete.
Laneko ezbeharrei buruzko txostenean jasotako datuek erakusten dutenez, sektore batzuetan errazagoa da hiltzea: eraikuntzan, industrian, garraioan, basogintzan… Eta beste batzuetan errazagoa da gaixotasun profesionalak garatzea (batez ere gaixotasun psikosozialak, lanekotzat hartzen ez direnak). Azken horietan,sektore feminizatuek dute eragin handiena. Beraz, lan batzuek hil egiten dute, eta beste batzuek ez dute bizitzen uzten.
Gero eta gaixotasun profesional gehiago deklaratzen dira, baina argi dago horien azpierregistroa orokorra dela oraindik. Horrek erakusle, laneko minbizien aitorpen txikia salatu behar da: 34 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 4 Nafarroan. OMEk berak adierazia du laneko gaixotasunagatiko heriotza faktore nagusia dela; jakina, falta diren guztiak gaixotasun arrunt gisa sailkatuta daude.
2025ean enpresek eta mutualitateek Hego Euskal Herrian 95.000 lan istripu baino gehiago izan zirela adierazi zuten, eta horietatik erdia baino gehiagok bajak eragin zituztela. Zifra oso altua da, baina sindikatuek uste dute istripu asko ez direla erregistratzen edo ez dela onartzen lanean dutela jatorria. Gauzak horrela, sindikatuek uste dute patronalak eta eskuinak etengabe erabiltzen duten “absentismoaren arazoa” ke lainoa baino ez dela, eta arazo nagusia laneko arriskuak eta prebentzio falta direla; patronalak legedia urratuz sortzen dituen arriskuak, Nafarroako Gobernuak berak uda honetan bertan argitaratutako txosten batean aitortzen duenez, zeinetan dioen enpresen % 80tan ez dela prebentzioa integratzen.
LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek lan istripu askoren berri izaten dute beren afiliatu sarearen bidez, baita komunikabideen bidez ere. Osalanek istripu hilgarriei buruzko informazioaren gardentasunik eza argitu ez izana kritikatu dute. LABek erakunde horretan bertan salatua du hori, eta ez du inolako argibiderik jaso.
Gaurko egunez betetzen dira 30 urte Lan Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean sartu zenetik. 30 urte dira, beraz, patronalak zigorgabetasun osoz araudi hori betetzen ez duela, eta 30 urte gobernuek betearazten ez dutela. Horren guztiaren aurrean, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek salaketa-ekintzak egiten eta mobilizatzen jarraituko dute, mutualitateen publifikazioaren aldeko borrokan jarraituko dute, eta gobernuei eskatuko diete Osalan eta NOPLOI zigortzeko gai izan daitezen eta Hego Euskal Herrian lan ikuskatzaile kopurua nabarmen handitu dadin.

