2026-11-15
HomeEkintza SindikalaIruñeko lorezaintzako lehen hitzarmenaren kontrako blokeoa salatu dute sindikatuek

Iruñeko lorezaintzako lehen hitzarmenaren kontrako blokeoa salatu dute sindikatuek

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek, GORA LOREZAINAK batzarraren babesarekin —Iruñeko Udalak azpikontratatutako OHLA Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako lorezaintzako langileek osatzen dute batzarra—, prentsaurrekoa eman dute gaur, patronalak udal eremuko lorezaintzako lehen hitzarmen kolektiboaren sorrera blokeatu izana salatzeko eta mobilizazioen deialdia iragartzeko.

Duela urtebete baino gehiago, enpresa horietako plantillak beren lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin antolatzen hasi ziren, gaur egun Lorezaintzako Estatuko Hitzarmenean araututa daudenak. Hitzarmen hori Madrilen negoziatu zen, eta uste dute ez dela nahikoa Iruñeko errealitate ekonomiko eta sozialerako.

Abuztuaren amaieran, batzarrak sindikatuei jakinarazi zien hitzarmen propio baten negoziazioa bultzatzeko beharra zegoela. Une horretatik aurrera, sindikatuek bilerak eskatu zituzten Iruñeko Udalarekin eta azpikontratatutako enpresekin, lan-baldintzak Udalak zuzenean kontratatutako langileen baldintzekin parekatzea ahalbidetuko zuen hitzarmen bat negoziatzeko proposamena helarazteko.

Iruñeko Udalak, kontratazio-agiriaren lizitatzaile eta prozesuko alderdi garrantzitsu gisa, jakinarazi zuen ez zuela modu negatiboan ikusten ekimen hori, baina adierazi zuen negoziazio-eremua zuzenean enpresekin ireki behar zela.

Hala ere, OHLA Ingesan eta Eulen enpresek, bost bilera egin ondoren, negoziazio-eremuaren irekiera blokeatzen jarraitzen dute. Sindikatuek salatu dutenez, konpainiek “ez dute arazoa kontuan hartzen, konponbide eskasak proposatu dizkigute eta, gainera, langileak zatitzen saiatu dira”. Tasubinsa enpresa ez da joan deitutako bilera bakar batera ere.

Egoera horren aurrean, sindikatuek “enpresen jarrera eta lan-baldintzak hobetzeko borondate falta” salatu dute, “egungo zein etorkizuneko kontratazioetarako bermeekin”.

Erakunde sindikalek lorezaintzako lehen hitzarmena sortzearen alde egin dute, Iruñeko Udalak azpikontratatutako enpresentzat, langile guztientzako berme eta lan-baldintza berdinekin. “Ez gara begira geratuko gure eskaerei entzungor egiten dieten bitartean. Merezi duguna eskatzen ari gara: baldintza duinak, hemen negoziatzea eta ez Madrilen. Hemen lan egiten badugu, hemen erabakitzen dugu “, adierazi dute.

Mobilizazioen deialdia

Egoera premiazkoa denez eta negoziaketetan aurrerapausorik eman ez denez, sindikatuek lehen mobilizazioak deitzea erabaki dute. Lehenengo kontzentrazioa abenduaren 18an izango da, 15:00etan, OHLAren aurrean (Landaben industrialdea); bigarrena, abenduaren 22an, 15:30ean, Eulenen aurrean (Mutiloa industrialdea); eta hirugarrena, abenduaren 23an, 15:15ean, Tasubinsaren aurrean (Arazuri-Orkoien industrialdea). Gabonetan ekintzekin jarraituko dute, eta ez dute baztertzen urtarrilaren 8tik aurrera greba deitzea, oporraldia amaitu ondoren.

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...