2026-06-17
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaNafarroako Gobernuko langile guztientzako Lanbide Karrera-Garapen lege proposamena aurkeztu dugu

Nafarroako Gobernuko langile guztientzako Lanbide Karrera-Garapen lege proposamena aurkeztu dugu

LABek nafar administrazioetako langile guztientzako Lanbide Karrera/Garapen sistema ezartzen duen lege proposamen bat landu du, eta berau foru Gobernuari zein talde parlamentarioei helarazi die. Honen guztiaren helburua argia da: hartzaileei hurrengo legealdian lege hau eztabaidatu ahal izateko euren konpromezua eskatzea. 


Joan den otsailaren 27an, LABek Lanbide Karrera/Garapena Nafarroako administrazio publikoetako langile guztiei aplikatzeko lege proposamen bat erregistratu zuen Nafarroako Diputazioan. Proposamen horretan aldarrikatzen da Lanbide Karrera langile guztiei onartzea, gaur egun soilik osasun arloko sektore batzuek daukaten sistema gainerako langileei ere zabaltzeko. Hori dela eta, dokumentua aurkezteko ekitaldian Administrazioko arlo eta maila guztietako ordezkariak egon ziren. Proposamenean, mailaz igotzeko prozesua arautzen da, horretarako behar diren irizpideak zehaztuz.

LABen proposamenak 23/2016 Foru Legea du oinarri, medikuntzako eta erizaintzako langileentzako Lanbide Karrera ezarri zuena. Helburua da sistema hori Nafarroako Gobernuko langile guztiei zabaltzea; izan ere, LABek, klaseko sindikatua den aldetik, beti defendatu du langile guztiek aukera izan behar dutela prestakuntza jasotzeko eta lanbidean gora egiteko, betiere parametro batzuk betez gero eta, horren ordainean, konpentsazio ekonomiko batzuk jasoaz. LABen iritziz, prestakuntza hori oso lagungarria da langile publikoek herritarrei ematen dieten zerbitzua hobetzeko bidean.

Talde parlamentarioek ere hartu dute proposamena
Lanbide Karrerari/Garapenari buruzko legearen proposamena, Nafarroako Gobernuari igortzeaz gainera, gaur egun Nafarroako Parlamentua osatzen duten talde guztiei ere helarazi die LABek. Horregatik, agiriaren zenbait kopia sartu zituen Nafarroako Parlamentuaren erregistroan: alderdi bakoitzarentzat kopia bat. Ongi jakin arren legealdi hau bukatzear dagoela, LABen helburua da talde parlamentarioek beren hitza ematea hurrengo legealdian gure proposamena eztabaidatuko dutela, hauteskundeetatik eratorriko den Parlamentuaren osaera zeinahi delarik ere. Gainera, Osasunbidean LABeko ordezkari den Txomin Gonzálezek iragarri zuen bilera bat eskatuko diela Nafarroako Parlamentuko alderdi politiko guztiei proposamenaren gaineko informazioa emateko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.