2026-06-10
HomeEkintza SindikalaFederazioakGurutzetako paradoxa handia: osasun mentalean erreferentea, bere langileen osasun mentalaz ahaztuta

Gurutzetako paradoxa handia: osasun mentalean erreferentea, bere langileen osasun mentalaz ahaztuta

Psikiatria unitateko zerbitzu katalogoan ohe kopurua handitu da, baina langile kopurua ez da proportzionalki handitu, eta horrek gainkarga dakar. Zerbitzuen berrantolaketa ezin da langileen ondoezaren gainean eraiki, eta, beraz, joera hau berehala geldiarazteko eskatzen du LABek, langileekin benetako negoziazio prozesua irekitzeko, lan kargen ebaluazio independentea egiteko eta zerbitzua profesionalekin batera planifikatzeko.

LAB sindikatuak Gurutzetako ospitaleko psikiatria unitatean erizain laguntzaileek bizi duten egoera larrria salatu nahi du. Gurutzetako zerbitzu katalogoan ohe kopurua handitzea planifikatu da (28 ohe ospitalizazio intentsiboan eta unitate ireki eta erresoluzio handikoak), baina ez da langile kopurua proportzionalki handitu. Horrek gainkarga planifikatua dakar. Eraldaketa hori 230.000 biztanletik 600.000ra igaro den populazio bati erantzuteko diseinatu da, eta arrisku psikosoziala areagotzen du, langileen artean osasun mentalean eragin larriak sortuz, dagoeneko muturrean dauden langile horien artean. Ratio berak mantentzeak, konplexutasun handiagoa duen testuinguru batean, pazienteen segurtasuna eta zaintzaren kalitatea arriskuan jartzen ditu, eta agerian uzten du planifikazio falta sistemaren sostengua egiten dutenen ongizateari dagokionez.

Beraz, proiektuak sakona bezain kezkagarria den paradoxa ezkutatzen du: azpiegitura eta zerbitzuetan inbertitzen den bitartean, erabat ahazten da horri guztiari eutsi behar dion kolektiboaren osasun mentala; hau da, profesionalena.

Erizaintzako Laguntzaile Teknikariak gainezka daude Gurutzetako psikiatria unitatean. Gaur egun, ratioak eznahikoak dira: goizez hiru profesional, arratsaldez bi eta gauez beste bi, 28 ohe artatzeko. Plantilla eznahikoa psikiatriako zaintzaren funtsezko alderdietan: hala nola, autolesioen edo agitazioaren arriskuak prebenitzeko eta kudeatzeko, etengabeko gainbegiratzean eta laguntza terapeutikoan, loaren eta ongizate emozionalaren babesean, objektu arriskutsuak detektatzeko edota proba eta kanpoko kontsultetan laguntza segurua bermatzeko.

Langile faltak eta erantzukizunen gehikuntzak tentsio handiko lan-ingurunea sortzen dute, nekea, antsietatea, depresioa eta laneko gaixotasunak eragiteko arrisku nabarmenekin. Egoera horrek kontra egiten die zerbitzuak berak sustatzen dituen humanizazio printzipioei, ezin baita arreta duinik eskaini zaintzen dituztenen ongizatea alde batera uzten bada.

Biziki larria da osasun mentaleko zerbitzu baten berritze integrala planifikatzea lan kargen azterketa zorrotzik gabe, eztabaida publiko eta gardenik gabe eta eguneroko errealitatea ezagutzen duten profesionalen parte hartzerik gabe. Benetan osasun mentalaren erreferente izan nahi bada, zuzendaritzak bere printzipioak aplikatzen hasi behar du: entzun, humanizatu eta zaintzen dituztenak zaindu. Zerbitzuen berrantolaketa ezin da langileen ondoezaren gainean eraiki.

Horregatik, joera hau berehala geldiarazteko eskatzen du LABek, langileekin benetako negoziazio prozesua irekitzeko, lan kargen ebaluazio independentea egiteko eta zerbitzua profesionalekin batera planifikatzeko, egunerokoan posible egiten dutenekiko tratuan ere erreferente izan dadin. Ez dago bikaintasun asistentzialik langileen ongizatea alde batera uzten bada.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gero eta premiazkoagoa da Enplegu Publikoaren Legea aldatzea, administrazioaren euskalduntzea legez babestu ahal izateko

Eibarren sei udaltzain postu betetzeko deialdiaren aurkako epaiak agerian utzi du, administrazioan euskarari gaztelaniaren maila bera eman ezean, ezinezkoa dela euskararen erabilera normalizatzea eta hizkuntza eskubideak bermatzea.

Bart gauerdian, langile bat hil da Laudioko Vibrantz enpresan izandako leherketa baten ondorioz

Vibrantz enpresan, Laudioko pintura-ekoizpenean diharduen enpresan, mantentze-lanetako langile bat matxuratutako labe bat konpontzen ari zen istripua gertatu den unean. Labearen leherketak bete-betean harrapatu du...

Auzitegiak arrazoia eman digu eta Bilboko portuko amarratzaileen patronalak inposatu nahi izan dituen murrizketak atzera botatzea #LortuDugu

Justiziak amaiera eman dio lan-esplotazioa areagotzea eta urteetako borroka eta negoziazio kolektiboaren bidez lortutako eskubideak murriztea helburu zuen enpresa-operazio bati.