2026-02-02
HomeEkintza SozialaHegoaldeko Tren Saihesbidearen egungo proiektua gelditzea eta Ezkerraldea eta Meatzaldeko eragile guztien...

Hegoaldeko Tren Saihesbidearen egungo proiektua gelditzea eta Ezkerraldea eta Meatzaldeko eragile guztien artean eztabaida prozesua abiatzea eskatzen dugu

Egungo proiektua berehala gelditzea exijitzen dugu eta alternatiba guztiak kontuan hartzeko eskatzen dugu, orain arte aurkeztu direnak baina baita etorkizunean aurkeztu daitezkeenak ere.

Eusko Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak aurkeztutako eta bultzatutako Hegoaldeko Tren Saihesbidearen proiektuak eragin ekonomiko, sozial eta natural larriak ditu; horregatik, hain zuzen ere, gure gaitzespena adierazi nahi diogu. Eragin ekonomiko larriak ditu 454 milioi euroko kostea izango duelako bere lehenengo fasean, diru kantitate hori seguruenik handiagoa izango delarik proiektuak aurrera egiten duen heinean. Eragin natural larriak ditu, Barakaldoko natur gune garrantzitsuenak, Gorostiza/El Regato eta Zubileta/Kastrexana, kaltetuak ikusiko direlako, baita Ezkerraldea eta Meatzaldeko beste hainbat landa eremu; eta azkenik, eragin sozial larriak ditu, proiektuak ez dituelako Ezkerraldeak eta Meatzaldeak dituzten beharrak asetzen eta ez diolako bizi duten larrialdi egoerari aterabiderik eskaintzen.. Eskualde hauek desindustrializazio prozesu larria bizi dute, langabezia tasa handiak eta aktibitate ekonomiko eza direlarik horren adierazpen nagusiak. Hau guztia alde batera utzita ere, Eusko Jaurlaritzak eskainitako erabilpen datuak ikusirik, proiektua gaur egun planteatuta dagoen bezala, honekin aurrera jarraitzeak ez du justifikaziorik.

Horregatik guztiagatik, egungo proiektua gelditzea eskatzen dugu eta Ezkerraldea eta Meatzaldeko eragile guztien artean eztabaida prozesu bat abiatzea, horien artean, agente sozio sindikalak. Alternatiba guztiek aukera berdinak izan behar dituzte herritarren aurrean azalduak eta defendatuak izateko, baita eragile inplikatu guztien artean eztabaidatuak izateko ere. Gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu herri bezala makroproiektuan inguruko eztabaida integral bat ematea. Horrelako proiektuek, lehen aipaturiko ikuspuntu ekonomiko, sozial eta naturalak kontuan hartzen baditugu, Euskal Herria jasangarria ez den egoera batera eramaten ari dira.

Azpiegituren arloan egingo litzateek edozein proiektuk, izan trenbidea edo bestelakoa, besteak beste elementu hauek barnebildu beharko lituzke:

• Suspertze ekonomikoa bultzatuko duen plan integral baten parte izatea. Ezkerraldea eta Meatzaldeko industriaren etorkizuna kontuan hartu beharko luke (adibidez, egun mahai gainean dagoen proiektuak ez du ACBrekin inongo konexiorik planteatzen, enpresa honen merkantziek trenez garraiatzen diren %25a suposatzen dutenean) baita garapenerako eredu integrala ere. Gainera, enplegu publikoak eta babes sozialeko neurri bereziak plan integral honen parte izan beharko lirateke.

• Kontuan hartzea hirigintzan eta ingurumenean izango lituzkeen eraginak. Bizigarriak izango diren herriak, auzoak eta hiriak behar ditugu. Ezkerraldea eta Meatzaldeako ingurumena eta hirigintza errespetatzea eta hobetzea ezinbesteko baldintza da, baita eskualde horietako langileon bizi baldintzak hobetzea.

• Kalitatezko garraio publiko eta komunitarioak bultzatzea. Bilbo Metropolitarreko garraio publikoak berritu eta indartu behar dira, mugikortasunean aurrerapausoak eman ahal izateko. Horregatik, gaur egun martxan dauden tren sareek inbertsioa eta hain aldeko apustu erabakigarriak behar dituzte.

HTSaren gaur egungo proiektuak aurretik aipaturiko baldintzak betetzen ez dituela uste dugu; gainera, ez da Ezkerraldea eta Meatzaldeako herritarrekin eta agente sozio sindikalekin kontatu. Horregatik, LAB sindikatuak gaur egungo proiektua berehala gelditzea exijitzen du eta alternatiba guztiak kontuan hartzeko eskatzen du, orain arte aurkeztu direnak baina baita etorkizunean aurkeztu daitezkeenak ere. Edozein kasutan, langileon beharrizan sozialak, eskualdeetako etorkizun ekonomikoa, ingurune naturalal eta hiriguneak kontuan hartzea edozein proiektu egikaritzeko baldintzak izan behar dira.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...