2026-10-28
HomeEkintza SindikalaDagoeneko 62 langile hil dira Euskal Herrian urte hasieratik

Dagoeneko 62 langile hil dira Euskal Herrian urte hasieratik

Atzo jakin genuen beste lan-istripu ez-traumatiko bat gertatu zela joan den igandean, azaroaren 2an, Barakaldoko Gurutzetako Ospitalean. 55 urteko M.L.I. langilea, bakar-bakarrik zebilen lanean normalean inor ez dagoen gune batean, eta beste langile batek lurrean aurkitu zuen, konortea galduta. Larrialdietara deitu zuten, eta lankideek gurpil- aulkian eraman zuten ospitaleko larrialdietara. Han bertan hil zen.

LABetik gure babes eta elkartasun sentituena adierazi nahi diogu hildako langilearen familiari, lagunei, lankideei, eta baita langile klase osoari.

Traumatikoa izan ez den lan-istripu baten aurrean gaude, baina istripu horien atzean gure osasuna baldintzatzen duten enplegu-, lan- eta bizi-baldintzak ezkutatzen dira. Izan ere, osasuna ez da neutroa, non bizi garen, zer jaten dugun eta, batez ere, zein lekutan eta zein baldintzatan lan egiten dugun eragin zuzena du gure osasunean. Hala, behin- behinekotasuna, txandakotasuna, bakarkako lana, estresa, buruzagitzen autoritarismoa eta abarrek zuzeneko eragina daukate langileon ongizatean.

Gurutzetako Ospitaleko sukaldeko zerbitzuko langilea zein heinean, Ospitaleko ekipo medikoen oheak bakarrik egiteko zereginak esleitzen zitzaizkion, alta eginkizun horiek ez dira arrisku saihesgarritzat hartu arriskuen ebaluazioan.

Sail sindikalek behin eta berriz salatu arren, Osakidetzak segurtasun-gabezia larria du, eta oraindik ere konpondu gabe dago. Tamaina horretako ospitale batean, langile askok (zuzenekoak eta azpikontratatuak) lanaldi luzeak egiten dituzte erabateko bakardadean. Bistakoa da, Osakidetzako zuzendaritza legez saihestu daitezkeen arriskuak ezabatzera behartuta dagoen arren, etekin ekonomikoa bizitzaren gainetik lehenestea erabaki duela, estatistikoki ez baita garrantzitsutzat jotzen balizko heriotza bat prebenitzearen kostua.

LAB sindikatutik argi daukagu lan istripuek dakarten gaitz indibidual, familiar eta sozial honekin amaitzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dela. Lan harremanen ereduaren eta joko arauen eraldaketatik etorriko da aldaketa. Langileen bizitza eta osasuna lehenetsiko dituen eredu berri baterantz joan behar dugu.

Horregatik, LAB sindikatuak bat egiten du Gurutzetako Ospitaleko Langileen Batzordeak
eman ditzakeen erantzunekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bidaideak enpresako langileak hitzarmen duin baten alde borrokan ari dira

Mobilizazio bat egin dute gaur, enpresaren aurrean, negoziazio mahaia hasi baino minutu batzuk lehenago.

Lan-arrazakeria, morofobia eta islamofobia badago, ez da benetako aniztasuna

Basquevolt enpresari lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobikoa eta islamofobikoagatik jarritako salaketaren epaiketaren aurrean elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen.

Urriaren 30eko grebari eusten diogu, Osakidetzarekin negoziatzeko beharrezko aurrerapenik ez dagoelako

Gehiengo sindikala osatzen dugunok proposamenak eskatzen ditugu plantillaren beharrei erantzuteari dagokionez, eta Osakidetzari gatazka-egoera konpontzeko borondatea eskatzen diogu. Onartezina da Osakidetzak gaur egun inolako soldata-proposamenik egin ez izana.