2026-10-28
HomeEkintza SindikalaPasaiako Etxez Etxeko langileak greba egin dute hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko

Pasaiako Etxez Etxeko langileak greba egin dute hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko

Udala prest azaldu da baldintzak hobetzeko, baina enpresak dio diru hori bere etekinetara bideratu behar dela. Kontzentrazioak egiteaz gain, Udaleko plenoan sartu dira langileak eta zerbitzua publikatzea eskatzeaz gain, gatazkan esku hartu eta bidera dezala eskatu diote udal gobernuari.

Pasaiako Etxez Etxeko langileek (43 lagunek osatzen dute plantilla) greba eguna dute gaur, ELA eta LABek deituta. Izan ere, Matia-Goxara zerbitzua kudeatzen duen azpikontratatutako enpresak negoziazioa blokeatu du, eta egoera hori salatzeko hainbat greba egun deitu dituzte: gaurkoaz gain, abuztuaren 8, 14, 20 eta 25ean, eta irailaren 1etik aurrera hilabete osoan.

Azken hilabeteotan sindikatuek bilerak egin dituzte Udalarekin, eta lan baldintzak parekatzeko bidean, urratsak emateko borondatea duela adierazi du. Horretarako, hitzarmena hobetzeko baliabide ekonomikoak agindu ditu. Matia-Goxara enpresak, ordea, diru hori bere etekinetara bideratu nahi du, absentismoa oso handia dela eta ondorioz, nahi adina etekin ateratzen ez dituela argudiatuta.

Gogora dezagun etxez etxeko zerbitzuko langileak oso egoera prekarioan daudela: bakarka doaz lanera, erabiltzaileak hartatzeko askotan pisu handia mugitzen dute, laguntzarik gabe, eta erritmoak eta lan kargak handiak dira, besteak beste. Hori guztia lan jardun murriztuekin,
enpresak ez dielako gutxieneko lanaldia bermatu nahi, eta etxetik etxera zerbitzua emateko desplazamenduekin, gutxieneko ordu horiek betetzeko.

Enpresak dioen absentismoaren atzean dagoena prekarietatea da. Enpresak, aldiz, egoera horri irtenbidea eman beharrean, diru publikoarekin etekinak handitu eta langileen osasuna kaltetzen du. Gainera, medikuak langileei baja ematen dietenean, ez diete 100% osagarria ordaintzen.

Langile horien zerbitzua ezinbestekoa da Pasaiako herritarrentzat. Dagozkien lan baldintza duinak eta hitzarmena eskatzen dute langileek, lan osasuna eskubidea dela oroitaraziz. Horregatik, enpresari jarreraz aldatu eta Udalari egoera konpon dezala eskatu diote gaur greba egunean. Horretarako, Udalaren plenoan izan dira langileak eta zerbitzua esku pribatuan beharrean, publifikatzea ere eskatu diote, besteak beste.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ernaik eta LABek etxebizitza eta soldata duinen aldeko borrokara batzeko deia egiten diogu euskal gazteriari

Gazteen prekarizazioaren datuak argiak dira: 25 urte baino gutxiagoko langileen ia erdiak ez dira iristen 1.600 euroko soldatara, eta adin tarte horretako gazteek diru sarreren %78 bideratzen dute alokairura. Aldaketarako aukerak daudela sinetsita, azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deia egin dute Ernaik eta LABek.

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.