2026-11-13
HomeEkintza SindikalaAmazonek langileen osasunerako eskubidea urratzen duela baieztatu du Lan Ikuskaritzak

Amazonek langileen osasunerako eskubidea urratzen duela baieztatu du Lan Ikuskaritzak

LAB sindikatuak salaketa jarri zuen Trapagarango Amazonen aurka, langileen eta prebentzio ordezkarien eskubideak sistematikoki urratzeagatik. Lan Ikuskaritzak arrazoia eman dio sindikatuari, eta enpresari irregulartasun horiek zuzentzeko agindu dio. Beste behin, erakunde batek berresten du multinazionalak legea urratzen duela, langileen eskubideen eta osasunaren kaltetan.

Amazonek, legez kanpo, dokumentu bakarrean bateratzen zituen hainbat datu: mutualitatera joateko bolantea, lan-istripuaren partea eta istripuaren ikerketa-txostena. Praktika horrek langileengan presioa eragiten zuen, eta osasun-laguntzarako eskubidearen erabilera oztopatzen zuen. Gainera, enpresak berak aurrez baloratzen zuen kalteen jatorria, istripua lanekoa ote zen ala ez esateko, osasun laguntza baldintzatuz.

Lan Ikuskaritzaren arabera, “informazio mota ezberdinak bateratuta daude fitxategi bakarrean”, eta horrek “beharrezko dokumentazioa bereizita aztertzea eta identifikatzea zailtzen du”. Ondorioz, informazio eskubidea oztopatzen da eta osasun-kalteei jarraipen eraginkorra egitea ia ezinezkoa bihurtzen da.

Ikuskaritzak salatu du, halaber, enpresak lan-istripuaren aurretiazko aitortzaren arabera baldintzatzen duela mediku-laguntzarako bolantea ematea, eta horrek ez du bat egiten aplikatu beharreko araudiarekin. Ohartarazten duenez, enpresak “berehala” eman behar du bolantea, istripuaren izaerari buruzko epairik edo aurretiazko baloraziorik egin gabe.

Horrez gain, enpresak ez die eman langileei inolako prestakuntza eguneraturik, ezta larrialdi edo istripu egoeretan nola jokatu jakiteko informaziorik ere. Honek zuzenean urratzen du Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea.

Lan Ikuskaritzak espresuki adierazi du:

  • Osasun-laguntza eskatzeko bolantea, istripuaren partea eta ikerketa-txostena dokumentu banatuetan eman behar direla, eta ez batera.
  • Enpresak ezin duela istripuaren izaera lanekoa den ala ez erabaki, eta ondorioz, ezin du baldintzatu mediku-laguntza ematea.
  • Enpresari ez dagokiola dokumentazioa bateratzea, informazio-eskubidea bermatzeko.

Amazonek, beraz, Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren ondorioz, 60 eguneko epea dauka irregulartasun hauek zuzentzeko. Ez da lehen aldia instituzioek edota epaitegiek gure salaketak ontzat ematen dituztena:

  • 2025eko otsailean, Bilboko Gizarte Arloko Epaitegiak baliogabetu zuen LABeko ordezkari bati ezarritako zigorra, eta kalte-ordainak ezarri zizkion Amazoni, askatasun sindikala urraketzeagatik.
  • 2024ko apirilean, EAEko Auzitegi Nagusiak LABen aldeko epaia eman zuen, soldata izozteko helburuz egindako manipulazioa salatu ostean.
  • 2021eko azaroan, Bizkaiko Lan Arloko Epaitegiak AMAZONen azpikontrata bat zigortu zuen, garraioaren sektoreko hitzarmena aplikatzera behartuz, eta soldata igoera esanguratsuak ekarri zituen.

Borrokak merezi du, fruituak ematen ditu. Amazonek jakin dezala: LAB ez da geldituko langileen osasuna eta eskubideak arriskuan jartzen dituzten praktiken aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hiru greba-egun deitu ditugu Bizkaiko erresidentzietan

LAB sindikatuak, ardura sindikalagatik eta Bizkaiko erresidentzietako langileen borroka indartzeko asmoz, hiru greba-egun deitzea erabaki du bere delegatuekin eta afiliatuekin egindako batzarrean: azaroaren 19an, abenduaren 17an eta urtarrilaren 21ean.

LABen balorazioa azaroaren 11ko greba orokorrari buruz

1. Euskal langileriaren indar erakustaldi berria izan da. Deialdia estatuko egun berean eta mobilizazio propioekin egitea erabaki zuzena izan dela frogatu da. Hego Euskal Herrian...

Etxebizitza eta soldata duinak bermatzeko eta eskuin muturrari aurre egiteko deia egin dugu EH Bilduk eta LABek

Azaroaren 11ko greba orokorraren biharamunean, milaka lagunek soldata duinen eta etxebizitza eskubidearen alde kaleak hartu ondoren, LABek eta EH Bilduk bilera publikoa egin dute, grebaren aldarrikapenak eta aurrera begirako erronkak aztertzeko. Bilkura horrekin abiatu du LABek hainbat eragilerekin egingo duen bilera sorta, egungo etxebizitza politikak eraldatzeko proposamenak egiteko. EH Bilduren aldetik ekintza politikoko idazkari Arkaitz Rodriguez, Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrieta eta etxebizitza idazkari Xabier Astigarraga aritu dira, eta LABen aldetik Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra eta Iratxe Delgado eta Jaime Iribarren Ekintza Sozialeko kideak.