2026-06-18
HomeEkintza PolitikoaGehiengo sindikalak eskatuta, Pradales lehendakariak Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu hartuko ditu...

Gehiengo sindikalak eskatuta, Pradales lehendakariak Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu hartuko ditu gutxieneko soldataz aritzeko

Confebaskek gutxieneko soldata Lanbidearteko Akordio bidez adosteari uko egin ondoren, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Pradales lehendakariari bilera eskatu zioten, eta bilera hori apirilaren 2an izango da.

Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk patronalari irmo aurre egitea eskatuko diote lehendakariari, munduko herrialde ia guztietan bezala EAEn ere patronalak ez dezan izan aukerarik gutxieneko soldatari betoa ezartzeko.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek eskatuta, Pradales lehendakariak gehiengo sindikalaren ordezkaritza hartuko du gutxieneko soldataz aritzeko. Sindikatu horiek langileen ordezkaritzaren %65a osatzen dute, eta horien izenean Mitxel Lakuntza, ELA sindikatuaren idazkari nagusia, eta Garbiñe Aranburu, LAB sindikatuaren koordinatzaile orokorra, arituko dira lehendakariarekin. Lehen aldia izango da EAEko lehendakaria ELA eta LAB sindikatuen zuzendaritzekin batera bilduko dela, gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren gaiari ematen dion garrantzi bereziaren seinale.

Confebaskek lehen aldiz otsailaren 6an uko egin zion sindikatuekin gutxieneko soldatari buruzko negoziazioari. Ondoren, sindikatuek bigarren saiakera baten berri eman zuten eta bigarren aukera horretan akordioa posible egin zezakeen gutxieneko soldatarako kopurua adostu zuten, hilean 1.500 euro hain zuzen. Sindikatuen asmoa zen Confebaskekin bigarren bilera aurretik lehendakariarekin biltzea (horregatik eskatu zuten bilera orain 40 egun), baina lehendakariak ez du orain arte sindikatuekin bildu nahi, Confebaski presioa ez egiteko.

Era berean, sindikatuen harridurarako lehendakariak publikoki adierazi du erronda bat egiteko asmotan ari dela. Gehiengo sindikaleko kideek ez dute erronda horren berri izan bilera beraiek eskatua izan den arren. Ondorioz, Lehendakariari bileraren zentzua ez aldatzea eskatzen diote eta, horrekin batera, Confebask gutxieneko soldataren gaiarekin zuzenean interpelatua izan dadila, gutxieneko soldataz gain horrekin inongo loturarik ez duten beste gai batzuk nahastea ekidinda. Are, Lehendakaria beste gai batzuei buruz erronda bat egitekoa bada gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek beste bilera bana izan beharko dute, beste eragileek bezala.

Oraindik ere akordiorako aukera dago gutxieneko soldatarekin, bai Confebask negoziaziora eramateko edota, bere jarrera erreakzionarioarekin irmo jarraituko balu, sindikatuek martxan jarri duten Herri Ekimen Legegilea babestuta gutxieneko soldata EAEn arautzekoa, era horretan Confebasken betoa gaindituz.

Hori da hain zuzen Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk Pradales lehendakariari helaraziko dioten mezu nagusia. Gutxieneko soldata ezin da izan patronalak monopolizatu dezakeen tresna bat. Sindikatuen ordezkariek Lehendakariari Confebasken jarrera arbuiatu, Lanbidearteko Akordio bat negoziatu dezan eskatu eta horren arabera Jaurlaritzak patronalari ematen dion babes politiko zalantzan jarri eta gutxieneko soldata EAEn arautu ahal izateko martxan den Herri Ekimen Legegilearen alde instituzioen babesa azal dezala eskatuko diote. Lehendakaria Confebaskekin biltzean argi utzi beharko lioke ez diola soldata politika monopolizatzen utziko eta negoziatzeari uko eginez gero gutxieneko soldata legez ezartzeko asmoa duela.

Azken urteetan enpresariek inoizko irabazi handienak pilatu dituzte eta, hala ere, ez dute EAEk sortzen duen aberastasunaren antzeko herrialdeen gutxieneko soldatarik nahi, irabazi horiek langileen muturreko esplotazioaren kontura pilatu nahi dituztenaren seinale.

Lehendakariak herritarren interesak zaindu nahi baditu, gutxieneko soldata jasoko lukeen Lanbidearteko Akordio baten alde zein Herri Ekimen Legegilearen alde egin beharko luke. Apirilaren 2an sindikatuak hori adieraztera joango dira Lehendakaritzara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.