2026-02-01
HomeEkintza SindikalaOsasun Mahaian aurkeztu den etorkizunerako Osakidetzaren eredua kolaborazio publiko-pribatuarekin eta kontzertazioarekin jarraitzea...

Osasun Mahaian aurkeztu den etorkizunerako Osakidetzaren eredua kolaborazio publiko-pribatuarekin eta kontzertazioarekin jarraitzea da

Eraldaketarik ez dago pribatizazio politikekin amaitzen ez bada.

Gaur Osasun Mahaiaren bilera berri bat egin da BECen. Bertan Osakidetzan egin beharreko aldaketen inguruko estrategiak zein izango diren landu da. LABek aurrez adierazi duen bezala, helburu argia zuen mahaian, Osasun Sistema Publikoaren ereduaren inguruko estrategiaren ildoa irekitzea. Orain arte eredu publikoaren inguruko eztabaida ezkutatu nahi izan baita, pribatizazioaren aldeko eredua lehenetsiz.

Bileran zehar, azkenean lortu dugu Jaurlaritzak onartzea pribatizazioaren inguruan arituko den lan talde bat egotea. Halan da guztiz ere Jaurlaritzak eta Osasun Mahaia kudeatzen ari direnek ez dute nahi izan osasun sistema publikoaren aldeko posizio garbi bat eman, pribatizazioa alboratuko lukeena, kolaborazio publiko-pribatuari eta kontzertazioari eusteko ateak irekita utziz. Posizio hau eskubiko alderdi batek, patronal pribatuak, unibertsitate pribatu batek eta elkargo profesionalen batek defendatu dute mahaian, eta Jaurlaritzak nahiago izan du hauen interesak defendatzen jarraitzea Osakidetzak benetan behar dituen eraldaketarako erabakiak hartzea baino.

LABek mahaian eta iritzi publikoan hainbatetan salatu du orain arteko eredu pribatizatzailea (lankidetza publiko-pribatua, deribazioak, kontzertazioak, kanporatzeak…) izan dela Osakidetzaren gainbeheraren arrazoi nagusienetariko bat. Osasun mahaia sortu zenean esaten genuen, Gobernuak urte luzeetan bultzatu duen ereduaren ondorioek eragin dutela EAJk horrelako mahai bat martxan jarri behar izatera. LABetik gaur baieztatu egiten dugu prozesuak aurrera egin ahala argi eta garbi geratu dela zein zen Pradalesen gobernuaren hasierako asmoa: formak aldatzeko prozesu bat irudikatzea baina eredu pribatizatzaileari eustea, osasun-sistemaren kudeaketan orain arte eraiki duten negozioari eutsiz.

Lehendakariak Osakidetzaren eraldaketaren beharraz hitz egiten du, baina nekez eraldatu daiteke Osakidetza pribatizazioarekin amaitzeaz hitz egin nahi ez badute. Argi geratu da gaurko mahaian Jaurlaritzak osasun eremu pribatuko enpresek negozioa egiten jarraitzea lehenesten duela Osasun Sistema Publikoa hobetzearen gainetik. Jaurlaritzak ez ditu erabiltzaileak eskatzen ari diren eta Osakidetzak behar dituen eraldaketak egin nahi, aldaketa txiki batzuk egin nahi ditu soilik eredu publiko-pribatuari eutziz. Jendarteak adierazitako haserre eta kontrakotasuna baretzeko adabakiak jartzea da duten asmo bakarra.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakari eta Sailburuak aldatu badira ere, Jaurlaritzaren politikak ez dira aldatzen. EAJk politika neoliberalak aplikatzen jarraitu nahi du eta hau oso agerian geratzen ari da Osasun Mahaian. Negozioa egitea biztanleriaren osasun eskubidearen gainetik jartzen dute.

LABek eredu publikoari eusten dio, eredu pribatizatzaile gaitzestearekin batera. Egoera guzti hau aztertuko dugu hurrengo egunetan eta Osasun Mahairen inguruko gure posizioa publiko egingo dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...