2026-11-03
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaSindikalismo Feminista Internazionalista. A25 aske izateko!

Sindikalismo Feminista Internazionalista. A25 aske izateko!

LAB kide den Munduko Federazio Sindikaleko Herrien Koordinakundeak manifestua argitaratu du azaroaren 25an testuinguruan. Jarraian irakur dezakezue:

Munduko Federazio Sindikaleko Herrien Koordinakundetik denok libre izango garen mundu justu bat eraikitzeko, lantokiak emakumeentzako espazio seguru eta erosoak izan behar dutela adierazten dugu. Jazarpena, lanaldi hirukoitzak eta genero-arrakala dauden bitartean, klase sindikalgintza soberanistak zorra izango du emakume* langileekin, eta zor hori ordaindu egin behar da.

Lantokietako indarkeria matxista ezkutuan mantentzen den errealitatea da: lanik gabe gelditzeko mehatxuak agerian gelditzea oztopatzen du eta, horregatik, indarkeria ez da behar beste salatzen ezta aditzera ematen ere. Mehatxuak eta zigorrak askotarikoak dira: kaleratzeak, ordutegi aldaketak, kontziliaziorako neurriak ez baimentzea, lanpostuz inoiz ez aldatzea, lekualdaketak, egindako lana edukiz hustutzea, gure lanaren gutxiespena… Indarkeria matxista dimentsio eta aurpegi ezberdinak dituen zigor- sistema oso bat da. Egiturazkoa da emakumeak* menpean mantentzeko sistema heteropatriarkal kapitalistaren tresna da.

Lan munduan, biolentzia honetaz aritzean, sexu-jazarpenaz, sexuan oinarritutako jazarpena edota sexu orientazioan, genero -identitatean nahiz genero-adierazpenean oinarritutako jazarpenaz ari gara; hau da, kultura patriarkalaren biziraupen mekanismoek hartzen dituzten formez.

Eta non daude instituzioak egoera hauen aurrean? Indarkeria matxista hau ez ikusaraztea eta tresna eraginkorrak ez jartzea indarkeria hau ezkutatzea dela adierazten dugu. Izan ere, ez dago datu hauen inguruan erregistrorik, ez zaio jarraipenik egiten, indarkeria matxistaren inguruko inkesta orokorretan ez dira agertzen…

Ez enpresek, ez administrazioak ezta lan ikuskaritzak ere ez daukate errealitate honi heltzeko borondate eta intentziorik. Datuak argiak dira: ez dago egoera hauek salatzeko mekanismo eta tresna eraginkorrik. Bertako, Espainiako Estatuko eta Europako erakundeei lan-ingurunean indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak berehala gara ditzatela eskatzen diegu.

Gure ustez, patronalaren eta botere publikoen isiltasun konplizeari aurre egiteko, ezinbestekoa da emakumeen* parte-hartze aktiboa bermatzea egunero eraikitzen dugun kontra-botere sindikalismoan. Ordezkaritza nahiz zuzendaritza-espazioetan paritaterik ez egotea, indarkeria matxistei aurre egiteko baliabide urriak izatea eta feminismoa zeharkakoa eta intersekzionala den praktiko-politikoa izatearen aurkako erresistentziak, gure sindikatuetan eta parte hartzen dugun nazioarteko esparru sindikaletan errepikatzen jarraitu ezin duten arazoetako batzuk dira.

Emakumeen* aurkako indarkeria guztioi eragiten digun zerbait izanik, Munduko Federazio Sindikalaren Herrien Koordinakundetik, ezin dugu eta ez dugu estrategia indibidualik ezta isolaturik marraztu nahi. Gure artean indarrak batzen eta estrategiak biltzen ari gara, internazionalismo sindikalaren zentraltasuna berretsiz, eredu bidegabe, bortitz eta desorekatu baten aurka borrokatzen duten herrien artean zubi feministak sortzeko.

Sindikalismo feminista internazionalista aske izateko!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.