2026-11-10
HomeEkintza SindikalaAkordioa #LortuDugu Altsasuko Josefina Arregui Klinikan lan hobekuntza nabarmenekin

Akordioa #LortuDugu Altsasuko Josefina Arregui Klinikan lan hobekuntza nabarmenekin

Hainbat hilabetetako negoziazioen ondoren, LAB sindikatuak —hiru ordezkari ditu bosteko Batzorde batean— akordioa lortu du azkenean Altsasuko Josefina Arregui Klinika Psikogeriatikoko zuzendaritzarekin, 2026. urtearen bukaera arte indarrean egonen dena eta lan-hobekuntza oso onak jasotzen dituena, hala nola soldata-igoerak Nafarroako KPIaren arabera edo 58 ordu arteko lanaldi-murrizketak.

LABek oso balorazio positiboa egin du Josefina Arreguin lorturiko akordioaz, bukaera eman baitzaio etapa bati zeinetan soldata igoera txikiek ez zuten ahalbidetzen eros-ahalmena berreskuratzea, eta aurrerapausoak lortu baitira eskubide sozialen arloan, lanaldi-murrizketekin eta lizentzien hobekuntzekin. Honakoak dira:

  1. Indarrean dagoen urte bakoitzeko soldata-igoera, Nafarroa Garaiko KPIarekin lotua. Orain arte hori ez zen islatzen aurreko hitzarmenetan. Igoera horrek oinarrizko soldatari, hitzarmenaren plusari eta antzinatasun-osagarriari eragiten die.
  2. Lanaldia 58 ordutan murriztea hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, kategoria hauetan: medikuak, mantentze lanak, administrazioa eta administrazioko laguntzaileak, erizaintzako gainbegiralea, Eguneko Zentroko erizainak, Eguneko Zentroko eta intzidentzietako erizaintzako zaintza lagungarrien teknikariak, informatikariak, sukaldariak, garbitzaileak.
  1. Jaiegunetako plusa. Aurreko hitzarmenak zioen oporretako nomina kalkulatzeko ez direla aintzat hartuko batez besteko plusak. Hemendik aurrera plus hori hobetu eginen da, aurreko hilabeteetako plusak kontuan hartuko baitira.
  1. Hitzarmeneko hainbat testu eguneratu eta aldatu dira, bestelako interpretazio posiblerik izan ez dezaten. Testuak lizentziei (lanegunetan hartuko dira), aparteko orduei, ordu osagarriei eta lan-egutegiari buruzkoak dira.
  1. Mediku espezialistaren kontsultara joateko beste egun bat jasotzen da.
  1. Laneko benetako denboratzat hartzen dira erizaintzako txandetan informazioa hartu-emateko gainjartzen diren 15 minutuak. Gainera, kolektibo horri urtero egun libre bat aitortzen zaio, analisiak herriko osasun-zentrora eramateagatik.
  1. Eguneko Zentroko erizainen kasuan, atsedenaldia benetako lan-denboratzat hartzen da (3 hilabeteko proba).

Enpresak eta langileen ordezkariek konpromisoa hartu dute akordioaren jarraipena egiteko eta hurrengo hitzarmenari buruzko negoziazioak hasteko, hilero bilerak eginez. LABek, berriz, lan baldintza are hobeak lortzeko borrokan eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

240 eragile eta mugimendu sozial baino gehiago atxiki dira etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrera

Etxebizitza eskubide bermatuaren eta soldata duinen aldeko greba orokorra arrakastatsua izango dela aurreikusten dugu deitzaileok.

Alquiler Seguro eta EAJ interpelatu ditugu Gasteizen

Mobilizazio bikoitza egin dugu Arabako hiriburuan. Lehenik, Alquler Seguroko maizterrekin batera mobilizatu gara, bere egoitzaren aurrean, enpresa honen gehiegikeriak salatzeko. Ondoren, EAJren egoitza aurrera...

Etxejabe handi baten etxe turistikoa berreskuratu dugu, EAJ alokairu mugagabeen alde bozkatzera bultzatzeko

LABek EAJrekin lotura duen etxejabe handi baten etxebizitza turistikoak berreskuratu du presio modura, alderdi horri eskatzeko ez dezala berriro ere Madrilen maizterren aurka bozkatu. EAJren gertukoak den enpresari batena da hartutako etxebizitza turistikoa, eta jakinarazi dugu ez ditugula etxe horretako giltzak itzuliko EAJk alokairu mugagabeen alde bozkatu ezean.