2026-09-30
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaEstatuaren errepresioa salatu dugu sindikatuok

Estatuaren errepresioa salatu dugu sindikatuok

LAB, ELA, Kataluniako Intersindical-CSC eta Galiziako CIG sindikatuok agerraldia egin dugu Santiagon.

I-CSC, ELA, LAB ETA CIG-EN KOMUNIKATU SINDIKALA:

Sinatzen dugun sindikatuok, Kataluniako (Intersindical-CSC), Euskal Herriko (ELA eta LAB) eta Galizako (CIG) langile-klasearen izenean, Espainiar Estatuko egoera politikoa dela eta, bereziki Katalunian, eta demokraziaren eta askatasunen aurka egiten ari diren erasoak ikusirik, honakoa adierazi nahi dugu:

Gaur Katalunian bizi den unea benetako salbuespen egoera politikoa da, estatuaren jokabide antidemokratikoa medio, ez dagoelarik zuzenbide estatu bati dagokion benetako botereen banaketarik, eta diktaduraren oinordeko izan zen 78ko erregimenaren aurpegirik zital eta erreakzionarioena agertzen ari delako.

2017ko urriaren 1etik hona izan diren gertakariek agerian uzten dute erregimen autoritario eta antidemokratiko honen noraeza: esku hartze poliziala, bozkatzeko eskubide demokratikoa gauzatu nahi izan zuten herritarren aurkako errepresioa eta bortizkeria, esku hartze politikoa Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren bidez, jazarpen polizial eta judiziala, inputazioak, hautetsi instituzional demokratiko eta mugimendu sozialen buruen atxiloketa eta espetxeratzea, beste lider batzuen erbesteratzea, Kataluniako Parlamentuak Generalitateko presidentetarako hautagaiak izendatzeko debekua, Mossoen arduraduna matxinadagatik auziperatzea… eta areago, jendarte katalanaren protesta eta mobilizazio zilegiaren kriminalizazioa, CDRetako kideak atxilotu dituztelarik, hauetako batzuri matxinada eta terrorismo delitua leporatu zaielarik.

Llarenak emandako euroaginduari erbesteratuak dauden europar herrialdeetako auzitegiek emandako erantzunak erakutsi du haiek ez dituztela egin leporatu zaizkien delituak, eta Espainiar Estatua nahiz beronen izenean diharduten erakunde judizialak bortxatzen ari direla bide baketsu eta demokratikoetatik defenditzen ari diren eskubideak -banako zein kolektiboak-, manifestazioetan ez delarik bortizkeriarik izan.

Arbuiatu egiten ditugu PPren gobernu ustel eta faxista PSOEren eta Ciudadanosen babes eta laguntzaz egiten ari den politikak, baina halaber deitoratu egiten ditugu erdibideko posizioak, zeintzuk egoera ikusita ez ditugun ulertzen ezkerreko indarren aldetik, ez soilik funtsean estatuaren egintza errepresiboak ontzat ematen dituztelako, baizik prozesu honek zalantzan jartzen dituelako, modu baketsu, zibiko eta demokratikoan, monarkia autoritario honen benetako izaera.

Honek agerian uzten du erregimen honen jopuntuan daudela emantzipazio prozesu herrikoi eta demokratikoak, eta gure herrien askapenaren aldeko borrokan dihardugun organizazio politiko eta sozialak nahiz mugimenduak. Argi geratu da Espainiar Estatuaren ereduak porrot egin duela eta estatua ezinean ari dela eutsi nahian eredu horri: zentralista, koroaren moduko instituzio anakronikoak dituena eta herrien autodeterminazio eskubide zilegiari erasotzeko indarraz eta errepresioaz baliatzen dena. Haatik, herriok hezten saiatu arren, beren zerbitzura dauden hedabideak baliatuagatik ere errealitate plurinazionala ukatzen duen Espainia uniformearen diskurtsoa hedatzeko, ez diegu uko egingo nazio garen aldetik zor zaizkigun eskubideei.

Gure ustez Estatuaren makineria errepresiboa aspaldidanik ari da bere izaera antidemokratikoa agertzen. Oinarrizko eskubideak eremu guztietan ari dira urratzen: Tabernako borroka batean nahastuta zeuden Altsasuko gazteei terrorismoa leporatu diete, hedabideak itxi egin dituzte, antolakunde politikoak ilegalizatu, sindikalistak espetxeratu mobilizazioetan parte hartzeagatik, greba eskubidea zalantzan jartzeko saioak (esaterako, horixe da hona ekarri gaituen Kataluniako Intersindical-CSCren ksaua, edota Galizan Navantiako CIGen aurkako demanda, Carlos eta Serafinei sektoreko greba batean parte hartu zutelako ezarritako espetxe zigorra), raperoen aurkako zigorrak, umoregile inputatuak, bertan behera uzteko mehatxupean dauden antzezlan kritikoak, kazetari kritikoei ezarritako betoa, lider independisten aurkako enbargo eta auziperatzeak… egunero protesta eta ideia desberdinen aurka urrats berriren bat egiten dute; aitzitik, agertu diren talde faxistak erabateko inpunitatez ari dira.

Esaten ziguten bide baketsu eta demokratikoetatik idieia eta proiektu politiko oro zela zilegi eta defenditzeko moduko, baina agerian ari da geratzen ez dela egia.

Horregatik honakoa galdegiten dugu:

• Urriaren 1eko erreferendumean eta abenduaren 21eko hauteskundeetan herri katalanak hautestontzietan adierazi zuen normaltasun demokratikoa bere onera ekar dezatela, hartara lehenik 155. artikuluaren aplikazioa indargabetuz.
• Puigdemont presidentearen eta preso politiko katalan guztien askatasuna.
• Erbesteratuen itzulera eta beren eskubide guztien berreskurapena.
• Hautetsiek pairatzen duten jazarpen polizial eta judiziala amaitzea.
• Espainiar estatuko herriek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aitortzea, autodeterminazio eskubidea gauzatuz.

Azkenik, errepresaliatu guztiekiko elkartasuna adierazi nahi dugu, baita orohar Kataluniako herriarekiko. Eta dei egiten diegu gure herrikideei elkartasuna adieraz dezaten, eskubide hauen eta demokraziaren aldeko ekintza baketsu guztietan parte hartuz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...