2026-08-03
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEmakumeen Mundu Martxaren irakurketa: erailketa matxista Iruñean

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa: erailketa matxista Iruñean

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa dakargu hona.

Bart berriro ere berri latz batekin esnatu ginen Euskal Herrian, 20 urteko emakume* bat eraila izan zen atzo goizean Iruñeko Errotxapea auzoan gizon baten eskutik.

2024.urte honetan, indarkeria matxistak Euskal Herrian uzten digun bostgarren erailketa matxista da gaurkoa.

Lehenik eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik. Urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela.

Indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu egunerokotasunean. Emakumeak* emakume* izateagatik soilik erail egiten gaituzte.

Horren aurrean, neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon* aurkako erasoak gorantz doaz. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu.

Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!

Ez dugu halaber aipatu gabe utzi nahi erabat deuseztatzen ditugula indarkeria matxista gorrotozko diskurtso arrazistak hedatzeko baliatzen dituzten hedabide eta jendarteko jokabideak, arrazakeriak ez gaitu inoiz alboan izango.

Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak.

Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte! Azkenik, dei egiten dugu gaur eta bihar Santutxuko auzoan eta Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Adi mobilizazioei.

Erailketa matxistarik ez, denak libre izan arte!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute Araban abuztuaren 5ean

Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako...

Gasteizko lan-arloko epaitegiak baliogabe jo du Casa Primicia upategian aurkeztutako Aldi Baterako Lan-Erregulazio Espedientea

Hala, arrazoi eman dio auzia epaitegietara eraman zuen LAB sindikatuari. Gasteizko epaitegiak argitaratutako epaia irmoa bihurtu da. Epai horren bidez, Casa Primician aurkeztutako Aldi Baterako...

Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenaren aurreakordioa sinatuko dugu, langileen gehiengo zabalaren babesa jaso ondoren

Sektoreko enpresetan egindako langileen batzarren ondoren, langileen gehiengo zabal batek patronalak aurkeztutako Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenerako proposamena babestea erabaki du. Horrenbestez, LABek...