2024-05-05
HomeIndustriaMetalgintzaTrapagarango Producto Tubularetako lantegiko kaleratzeak salatu ditugu

Trapagarango Producto Tubularetako lantegiko kaleratzeak salatu ditugu

Tubos Reunidos taldeko zuzendaritzak kaleratzeak eta lan-baldintzen prekarizazioa iragarri ditu Trapagarango Productos Tubularesen lantegian. Honen aurrean, LABek galdetzen dio Eusko Jaurlaritzari ia noiz arte jarraituko duen patronalarekin batera lerrokatzen, industria sektoreko enplegua suntsitzen jarraitzen duten bitartean.

Duela urte bat eskuratu zuen Ulacia jaunak Tubos Reunidos taldearen presidentetza. Hedabideen bidez taldeko langileei helarazi zien mezua ez zen batere lasaigarria izan eta ez zuen ezer onik iragartzen haientzat. 360o balio plan bat lantzeaz eta berau taldean ezartzeko beharraz jardun zen. LABek behin baino gehiagotan eskatu du aipatu plana langileei aurkeztu behar zaiela eta langileen lan baldintzen etengabeko hondatze baten lekukoak izan gara: azpikontratetako langileak kaleratuak izan direlako, lanpostuak amortizatu dituztelako, malgutasuna handitu delako, ezohiko lanaldiak ezarri direlako edo mugikortasun funtzionala indarrean egon delako…

Neurri guztiak aldebakarrez hartu dira langileekin inolako negoziaziorik egin gabe. Tuboseko zuzendaritzak helburu bakarra izan du hasieratik, rodiloa pasatzea.

Horregatik eta Zuzendaritzak gardentasunik eta informaziorik adierazten ez zuenez, otsailaren 12an LABen Sail Sindikalak Tubos Reunidosen eta Productos Tubularesen duen ordezkaritza, gure sindikatuak eskatuta, Eusko Jaurlaritzaren Industria-Garapenerako Zuzendariarekin elkartu ginen. Azken honi jakinarazi genion egoera honen aurrean langileok bizi dugun kezka, eta eskatu genion enpresaren aurrean bitartekaritza lana egiteko, eta erakunde bezala, gauzatu nahi izango luketen edozein neurriren inguruan, gardentasunez eta egiazko negoziazioarekin joka dezatela.

Bilera horren ondorioa izan zen Eusko Jaurlaritza gertatutakoaren eta gertatu behar zuenaren jakitun zela. Aitortu zuten sektoreko enpresa batzuk krisia hobeto kudeatu zutela eta horregatik, Tubosena baino posizio hobea zeudela. Beste ondorio bat izan zen ezin dugula ezer espero Eusko Jaurlaritzarengandik ehundaka langileri eragiten dion enplegu suntsiketa eta lan-baldintzen prekarizazioaren aurrean.

Beste behin guztiz okerra izan den kudeaketa baten ondorioak langileek jasatea da bilatzen dena. Taldearen zuzendaritzak etengabe ateratzen ditu zenbaki eta emaitza txarrak, baina LABen badakigu zenbaki horien atzean izkutatzen dena, itzelezko eraginkortasun falta, langileek euren lanpostuekin ordainduko dutena. Trapagarango lantegirako iragarri dira kaleratzeak, baina ziur gaude taldeko beste lantokietan ere bide berdina jarraituko dela.

LABek ez gaude prest egoera hau besterik gabe onartzera eta horregatik mobilizaziorako deia egingo diete langileei, enpleguaren eta lan-baldintza duinen defentsan.

Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu ia noiz arte jarraituko duen beste alde batera begiratzen eta patronalarekin batera lerrokatzen, industria sektoreko enplegua suntsitzen jarraitzen duten bitartean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.