2024-05-03
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaNafarroako Selectan greba mugagabea hasiko dute bihar kaleratzeekin aurrera segitzen tematuta dagoelako...

Nafarroako Selectan greba mugagabea hasiko dute bihar kaleratzeekin aurrera segitzen tematuta dagoelako enpresa

Kafea, edariak eta antzekoak ematen dituzten makina automatikoekin lan egiten duen Selecta enpresako langileek gaur erabaki dute bihartik aurrera –otsailak 9- greba mugagabea egitea enpresak segitzen baitu langileak kaleratzeko eta gelditzen direnen lan baldintzak kaskartzeko asmoekin.

Iragan abenduan bat egin zuten Pelican Rouge, Demas eta Selecta enpresek. Ordutik, hiru horien batuketatik sorturiko enpresak aurrera eraman du enplegua erregulatzeko espediente bat, Nafarroako plantillaren zati bat kaleratu nahi duena eta gelditzen diren langileen baldintzak okerragotuko dituena.

Egun gutxi barru hilabete bat beteko da Madrilgo negoziazio batzordea sortu zenetik, non bereziki CCOO eta UGT sindikatuek hartzen baitute parte. LABen Nafarroako delegatuek enpresari eskatu zioten Iruñera etortzeko, bertako ordezkariekin bilera egitera. Hasiera batean etortzekoa zen arren, azken unean etorri ez denez, LABen ordezkariek erabaki dute greba mugagabera deitzea, eta langileen gehiengo zabal batek babestu du erabaki hori. Beraz, bihartik aurrera greba eginen dute Nafarroako Selectan, lanpostu guztien alde eta oraingo lan baldintzen alde.

LABeko ordezkarien adierazpenak:
“Azkenengo sei urteetan bi enpresa aldaketa pairatu izan ditugu. Eta sei urte horietan ikusi izan dugu nola ustez gu guztiok ordezkatzen gaituen zentroen arteko batzordeak sinatu dituen akordioek lanpostuen gutxiagotzea ekarri duten, baita lan baldintzen okerragotzea ere”.

“Honengatik eta enpresaren aldetik Nafarroan dagoen ordezkaritzarekin negoziatzeko duen etengabeko ukapen jarrerarengatik, bihartik aurrera greba mugagabeari ekinen diogu, gure lan baldintzak errespetatu eta lanpostu guztiak bermatzen diren arte. Jakin badakigu azkenengo urteetan Nafarroako ordezkaritzak nahikoa etekin lortu dituela eta lortuko dituela aurrerantzean ere edozein motatako aldaketei aurre egiteko, langileon lan baldintzetan ondorioak jasan behar izan gabe. Hala, langileak garen heinean, adierazi behar dugu gure eskubideak defendatzen jarraituko dugula”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.
00:04:13

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.