2026-08-01
HomeEkintza SindikalaLanean jarraituko dugu Barakaldoko zerbitzu publikoak indartzeko akordioak lortzeko eta bertako udal-langileen...

Lanean jarraituko dugu Barakaldoko zerbitzu publikoak indartzeko akordioak lortzeko eta bertako udal-langileen lan-baldintzak hobetzeko

Barakaldoko Udaleko LABeko atal sindikalak udal aurrekontuen aurkako alegazio sorta aurkeztu du, baina gobernua osatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSEk, ez dituzte aintzat hartu. Alegazio horiek zuzenean lotuta daude zerbitzu publikoak mantentzearekin eta horiek aurrera ateratzen dituzten udal-langileen lan-baldintzekin.

Barakaldoko EAJk nahiago izan du atal sindikal honi izen ona kentzea LABek planteatzen dituen premiazko gaiei heltzea baino. Sindikatu honi aurrekontuari alegazioak aurkezteko legitimaziorik ez izatea aurpegiratzen dion EAJ hori bera da negoziazio-mahaian sindikatuekin lortu dituen akordioak behin eta berriz urratzen dituena. EAJ bera da osoko bilkuraren betebeharrak betetzen ez dituena, hala nola lanpostuen balorazioarena, udal langile gehienei eragiten diena; edota Garbiketa Zerbitzuko lankideei aldagela duina emateko betebeharra urratzen duena, sindikatu hau izanik udalarena den betebehar hori Lan Ikuskaritzari betearaztera eskatu behar diona.

Guztiz inkoherentea iruditzen zaigu udal gobernuak sindikatu honi alegazioak aurkezteko zilegitasun falta alegatzea, udalerriko edozein bizilagunek ez ezik, sindikatuok legez aitortuta daukagunean horretarako zilegitasuna.

Aurrekontuen negoziaziorik eza alboratzen duen udal-gobernuaren kasketa bat bezala ulertu behar dugu bere jarrera; behin-behinekotasuna % 8tik behera murrizteko partida espezifikorik ez izatea eta lege-eskakizun horren ondoriozko egonkortze-prozesuak burutzeko partida espezifikorik eza alde batera uzten dituena. Era berean, aurrekontu horiek ezkutatu egiten dute lanpostuen balorazioa ezartzeko partidarik ez dagoela. Aurrekontu horiek ez dute partida espezifikorik aurreikusten Udalaren II. Berdintasun Plana betetzeko, ez langileen Formakuntzarako, ez Clara Campoamor Kultur Etxea edota Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bulegoak birgaitzeko, ez eta udaletxeko 1. solairua klimatizatzeko ere.

Argi eta garbi kritikatzen dugu udal-gobernu honek aurrekontuekin aurrera egin izana, ez baitu borondate politikorik udal-langileen ordezkariekin konpromisoak hartzeko. Udal aurrekontu horrek gabezia asko ditu eta hori nabarmendu nahi izan du LABek alegazioak aurkeztean.

Horregatik, LABetik udal-gobernuaren betebeharren aurrean erne egongo gara, gobernu-talde honek hartutako konpromisoen gainean duen arduraren gaineko kontrola gauzatuko dugu, eta lanean jarraituko dugu udal-langileen lan-baldintzak hobetzeko eta, batez ere, udalerri honetako zerbitzu publikoak indartzeko akordioak lortzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.