2026-09-28
HomeEkintza SindikalaDesgaitasunaren itunpeko sektorea Nafarroan: atzerapausorik ez gure lan eskubideetan

Desgaitasunaren itunpeko sektorea Nafarroan: atzerapausorik ez gure lan eskubideetan

Nafarroako Gobernuarekin itundutako desgaitasuna duten pertsonen arretarako zentroetako langileok mobilizatu egiten gara VI. sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren egoera publikoki salatzeko.

Negoziazio mahaia joan den otsailaren 1ean eratu zen, eta bertan parte hartzen dugu sindikatuak (ELA-LAB-CCOO-UGT), entitateek/enpresek eta Nafarroako Gobernuak (PAGNA).

Lau sindikatuok plataforma bateratu bat aurkeztu genuen, sektorearen aldarrikapen nagusiak biltzen dituena. Harrezkero, lau negoziazio-bilera egin ditugu.

Gaur mobilizatu egin gara bizi izaten ari garenaren aurrean gure kezka eta haserrea adierazteko. Nafarroako Gobernuak hitzarmen honetarako duen aurrekontua guztiz eskasa da, eta horrek lan-eskubideen murrizketa zuzena dakar. Bestetik, patronalaren erantzuna da sindikatuek proposatutako hobekuntzetako bakar bat ere ez duela onartzen. Baina ez hori bakarrik, haratago ere badoaz, eta egun indarrean dagoen hitzarmenean sartuta dauden eskubideetan atzera egitea ere proposatzen dute. Hori onartezina da, eta argi utzi nahi dugu ez dugula atzerapausorik emango gure lan-eskubideetan.

Sektore honetako langileok urte asko daramatzagu gure lana duintzeko borrokan. Ahalegin mental eta fisiko handia eskatzen duen lana da, jendartearentzat funtsekoa dena. Denbora asko daramagu antolatuta, bai gure lantokietan, bai sektore-mailan; horregatik, iragarri nahi dugu ez dugula inolako murrizketarik onartuko gure lan-baldintzetan.

Gaur, apirilak 22, beste negoziazio-bilera bat egingo dugu, bai Gobernuari bai patronalari proposamenak aldatzeko eskatuko diegu, negoziazioan jarrerak hurbiltzen joan ahal izateko. Horrela ez bada, mobilizazio gehiagorekin jarraituko dugu bidezko hitzarmen bat lortu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

LAB Sindikatuak ez du Gipuzkoako Enpresa Transitarioen sektoreko hitzarmena sinatu ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez dielako sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.