2026-05-03
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako Correoseko langileek elkarretaratzeak egin dituzte euren egoera salatzeko

Gipuzkoako Correoseko langileek elkarretaratzeak egin dituzte euren egoera salatzeko

Adierazi dute langile falta dela eta, posta-bidalketa asko denbora faltagatik banatu ezinik geratzen direla, herritarrei zerbitzu negargarria eskainiz. Urteak dira enpresaren zuzendaritza kostuen aurrezte politika gogorra burutzen ari dela, eta horren ondorioz, Correosek ez du bermatzen Posta Zerbitzu Unibertsala betetzea, hau da, gutunak asteko 5 lanegunetan banatzea alegia.

Plantilla osatu gabe lan egiteak lan gainkarga sortzen du, eta hori langileen osasunean eragina izaten ari da. Hori gutxi balitz, lan antolaketa berri bat ezarri da, eta horrek, kasu askotan,  banaketa amaitu aurretik postariek banaketa zentruetara itzuli behar izatea suposatzen du, ondoren bigarrenez banaketa egitera irteteko; hala, banaketa denbora efektiboa murriztu egiten da.

Egoera hau are kezkagarriagoa da Eusko Legebiltzarrerako eta Europako Parlamenturako hauteskundeak ate joka ditugunean.

Bezeroen arretarako bulegoetan ere egoera ez da hobea. Jardunaldi gehienak 4 ordutakoak dira, eta horrek ordu osagarrien gehiegikeria eragiten du, geroz eta gehiago lehenetsiz funtzio komertziala herritarrei eskaini beharreko zerbitzu ona baino.

Usurbilen dagoen paketeak prozesatzeko zentroan ere baldintza kaskarrak jasaten ari dira; lan-segurtasun falta, kontratazio eza eta 4 eta 5 orduko kontratu partzialak.

Horregatik guztiagatik, Correoseko langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Gipuzkoako zentro ezberdinetan: Donostiako UR1, UR3, UR5 eta USE Banaketa Unitateetan, Zumarraga, Azpeitia,  Azkoitia, Ordizia, Beasain, Irun, Errenteria, Zarautz, Elgoibar, Bergara, Billabona, Orio, Usurbil eta Usurbilgo Pabilioian. Kontratazio gehiago, zerbitzu publiko hobea eta lan baldintza duinak eskatzeko, eta Posta Zerbitzu Unibertsala bete dadin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...