2026-10-02
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaNafarroako Gobernuaren politika ekonomikoak ez duela langileontzat aldaketa handirik ekarri adierazi dugu...

Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoak ez duela langileontzat aldaketa handirik ekarri adierazi dugu Iruñean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Parlamentu Sozialak deituta, dinamika horietan gauden eragile sozial, politiko eta sindikalok aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen aldeko ekitaldi bat egin dugu gaur, Iruñean, Labrit pilotalekuan. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza bertan, besteren artean, eta salatu du Nafarroako aurrekontuak ez direla burujabeak eta ez dutela aldaketa sozialean sakontzen. Ekitaldia amaituta, manifestazio bat egin dugu Iruñeko kaleetan.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Nafarroan 2015ean, erregimena instituzioetatik bota eta eman zen aldaketa politikoa. Sekulako aurrera urratsa izan zen. Gehiengo sozialak aldarrikatzen dugun aldaketa sozialerako ezinbestekoa da erregimenarekin amaitzea. Asko aurreratu da demokratizazioan. Azken astean, urrutira joan gabe, beste urrats bat eman da. UPNk ezabatu zuen irakasleen Zerrenda Bakarra berreskuratu egin da. Irakasle euskaldunen diskriminazioari amaiera eman zaio. LABek lan handia egin du azken bi urteetan norabide horretan eta ospatzeko moduko albistea iruditzen zaigu. Aurreratu da, bai, demokratizazioan. Baina motz geratu da aldaketa soziala. Motz lan harremanetan eta eredu sozioekonomikoan, Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoak ez du aldaketa handirik ekarri langileontzat".

Hain zuzen ere, aldaketa soziala motz geratuko dela esan du aurrerantzean ere aurkeztu duten aurrekontu proiektua bere horretan, hobekuntzarik gabe, aurrera ateratzen bada. Aldaketaren gobernuak bi muga nagusi izan ditu, LABeko idazkari nagusiak nabarmendutakoaren arabera:

-Burujabetzarik eza.
-Geroa Bairen gobernuaren politika ekonomiko eta sozialaren mugak. Etengabe CEN patronalarekin aurrez aurre jartzea ekidin dute Ayerdi jaunaren politikek.

"Azken urteak, inboluzio urteak izan dira. Inboluzio bikoitza, soziala eta politikoa, eta beste hainbat neurriren artean konstituzioaren bi artikulutan jarri behar dugu arreta, 135.ean eta 155.ean. Biak ala biak erabaki ahalmena, burujabetza mugatzeko neurriak; inboluzio sozialaren adierazle nagusiena lehena eta inboluzio politikoaren adierazle nagusiena, bigarrena. Krisiaren ekonomikoaren aitzakiarekin, erreformak eta murrizketak bata bestearen atzetik inposatu zaizkigu azken urteetan. Konstituzioaren 135. artikulua era erreformatu dute, zorraren ordainketa guztiaren gainetik jartzeko eta zorpetze mugak ezartzeko. Hitz potoloak, sarri ulertzeko zailak diren kontzeptuak, hitz xaloetan esan daiteke. Nafarroak duen dirua, berak nahi duenerako ezin duela erabili esan nahi du eta politika sozialetarako diru gutxiago dagoela", azaldu du Garbiñe Aranburuk.

Inboluzio politikoari dagokionez, estatua 155.en artikuluarekin urrats bat harago joan dela esan du; birzentralizazioaren aldeko apustu argia, alegia. "Estatu espainiarrak erabakitzeko eskubidea ez du onartzen, ez du errespetatzen. Guk erabakitzeko eskubidea nahi dugu, erabakitzeko eskubidea behar dugu. Eraldaketa sozialik ez dago, erabakitzeko eskubiderik gabe, Nafarroako Gobernuak inboluzio eta mugapen hauen guztien barruan planteatzen du aurrekontuen eztabaida, dagoen markoan egin dezakeguna egitera mugatzen da. Nafar langileek zilegitasuna eta eskubidea dute nahi dituzten aurrekontuak eta nahi duten eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko", adierazi du LABeko ordezkariak.

Hala, Garbiñe Aranbururen hitzetan, "ezinbestekoa iruditzen zaigu, Nafarroako gizartearen erabakitzeko eskubidearen aldeko apustua. Ezinbestekoa da markoaz hitz egitea. Ezinbestekoa da joko arauak auzitan jartzea. Zergatik ezarri behar du Madrilek Nafarroako aurrekontuen zenbatekoa? Zergatik eman behar zaio lehentasuna zorraren ordainketari? Zergatik ezin zaizkie administrazioko langileei soldatak igo, estatuak finkatutakoaren gainetik? Argi eta garbi esan beharra dago: Nafarroako autogobernua erabat mugatua dagoelako. Eta horixe da ireki beharreko eztabaida politiko eta soziala".

Hitzaurreak hitzaurre, Labriten ere bozkatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen alde ote dauden galderari erantzun baitiote. 

Ekitaldia eta gero, manifestazio bat egiten dute, Nafarroako Parlamentua helmuga.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.