2026-10-03
HomeIndustriaMetalgintzaSiemens-Gamesako sei mila langilek pairatuko dute gutxi batzuen diru gosea

Siemens-Gamesako sei mila langilek pairatuko dute gutxi batzuen diru gosea

Siemens-Gamesak ez du garrantzitsuena azaldu. Nola liteke bi enpresa erraldoik bat egin eta 6 hilabetera Gamesaren kasuan salmenta, errentagarritasun eta irabazi errekorrak egin ostean, orain 6.000 langile kaleratzea mundu osoan?

Atzo Siemens-Gamesako zuzendaritzak eta sindikatuek izandako bileraren ondorenean, honakoa adierazi nahi du LABek:

Atzoko bileran Gamesa-Siemenseko zuzendaritzak langileak eta iritzi publikoa lasaitu nahi baldin bazituen, ez zuen inondik inora bere helburua lortu. Espainiako estatuan kaleratutako langileen kopurua orotara 408 izango dela jakinarazteaz gain, ez zuen zehaztu zer langile kaleratu nahi dituzten, ezta zer lantokitan egin nahi dituzten kaleratzeak. Hauek burutzeko prozedura ere ez zuten azaldu, ezta zer arrazoi argudiatuko duten kaleratze hauek egiteko.

Gainera, salatu nahi dugu komunikabideek bileraren aurretik jakin zutela gero bileran langile ordezkariei jakinarazitakoa. Onartezina da.

Zuzendaritzak era orokorrean aipatu zuen kaleratzerik ez zela egongo lantoki “produktiboetan”. Hortaz, ulertzen dugu beste lantokietan kaleratzeak egingo dituztela, I+G eta bulegoetako lan zentroez gain, zerbitzu enpresak deitzen dituzten horietan, adibidez, logistikaz arduratzen den Arazuriko lantegian (Nafarroan).

LAB gainera oso kezkatuta dago Siemens-Gamesako langile guztien etorkizunarekin. Enplegu zuzenean izango duen eragina publikoki azaldu da, baina azpikontratazio kate osoan izango duen eragina ere handia izango da.

Nola baimentzen da horrelakorik Europako legeriaren baitan? Zergatik ez da dimisiorik egon? Dakigun bakarra da gutxi batzuk 1.047 miloi euro banatu dituztela eta aldiz, 6.000 langile kalera joango dela momentuz.

Azkenik, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi dugu, biek bat egin baitute eraginak gutxiesteko diskurtsoarekin. Ez gara ari krisian dagoen enpresa batetaz, hazten ari ziren bi enpresa erraldoietaz baizik. Eta instituzio horiek, duela hilabete gutxi batzuk, txalotu egin zuten bategitea “hazkunde handiagoa ekarriko baitzuen”. Krisi baten aurrean gaude bai, baloreen krisia hain zuzen ere, milaka langileren langabeziaren kontura aberasten direnean, instituzioen babes inplizituarekin. Eta langileok, beste behin, bakarrik gaude eraso honen aurrean.

LABek ez du kaleratzerik onartzen eta berauen aurrean borroka egingo du.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...