2026-09-07
HomeEkintza SozialaLantokietan ematen diren diskriminazio guztien aurka borrokatuko dugula adierazi eta sindikalismo antirrazista...

Lantokietan ematen diren diskriminazio guztien aurka borrokatuko dugula adierazi eta sindikalismo antirrazista garatzeko konpromisoa berretsi dugu

LAB eta SOS Arrazakeriak mobilizazioa egin dugu Iruñean, Lan Ikuskaritzaren aurrean, lantokietako diskriminazioaren kontra. Bertan, Aljeriatik Nafarroara lanera etorritako emakume* langile baten kasua salatu dugu, lehenik Misericordia adinekoen egoitzan eta Morean ondoren, hiyab-a erabiltzeagatik presioak, mehatxuak eta kaleratzea jasan behar izan baitzituen. LAB sindikatuak irmoki errefusatzen ditu lan egiteko eskubidearen aurka hartutako jarrera eta erabaki hauek.

Diskriminazio eta zapalkuntza ugari elkar gurutzatzen dira gertakari hauetan. Ez da kasualitatea emakumea*, migratua, musulmana eta arrazializatua izanik laneko diskriminazioa bizi behar izatea. Zoritxarrez, ez baita salbuespena.

Gure jendarte antolaketan, prekarioenak eta baldintzarik okerrenetan dauden lanpostuak langile migrante emakumeei* eskaintzen zaizkie, bizirauteko adina ematen ez dutenak, etengabeko mehatxupean biziarazten dutenak.

Ez dagokio LABi hiyab eramatearen arrazoiak epaitzea ezta interpretatzea ere. Afera honetan oinarrizkoa den horretan jarri behar da begirada: lan egiteko eskubidea dute, eta hiyab-a ezin da izan diskriminaziorako, mehatxurako edo kaleratzeko arrazoi.

Horregatik, LABek adierazi nahi du lantokietan zein kalean jendarte eredu esplotatzaile hau sostengatzeko beharrezkoa den mota guztietako arrazakeria gainditzeko borroka egitea ezinbestekoa dela, eta sindikatu honek horretarako tresna izateko lanean jarraituko duela.

Era berean, LABek neurri eraginkorrak eskatzen ditu lantokietan horrelakorik gerta ez dadin, Lan Ikuskaritzatik hasi eta patronalak geldiarazteko neurri politikoetara, pertsona migratuen eta arrazonalizatuen bizitza prekarizatzen jarrai ez dezaten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gogor salatzen dugu CCOOren eta UGTren traizioa, Bizkaiko garraioko hitzarmena sinatuta prekaritatea iraunarazi eta langileen eskubideak saldu dituztelako

Joan den ostiralean, lan baldintzak hobetzeko beste aukera bat galdu zen Bizkaiko garraioaren eta logistikaren sektorean. CCOO eta UGT sindikatuek aurrera pausorik ez dakarren hitzarmena sinatu dute berriro, ASETRABI-CEBEK patronalaren aurrean belauniko jarriz eta milaka langileren eskubideak salduz.

Suhiltzaile zerbitzuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren koordinazio falta salatzen dugu

Asteburuan zerbitzuko guardia-burua Garberako suhiltzaile-etxeko bere bulegotik kanporatua izan zen.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da baliabidez hornitzea

Hezkuntza Sailaren inprobisazioa, arduragabekeria, noraeza, itxurakeria, erabakiak aldebakarrez hartzea eta 2025eko irakaskuntza publikoan mobilizazio eta greba zikloei bukaera eman zieten akordioak bere osotasunean betetzen ez dituela salatzeko elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak.