2026-08-01
HomeEkintza SindikalaDecathlonen prekarietatea nagusi dela salatu dugu

Decathlonen prekarietatea nagusi dela salatu dugu

Zortzigarren eguna bete du gaur Ekimen Ibiltariak. Iruñean hasi genuen "Lan duina, bizi duina" dinamika, eta Iruñerrira itzuli gara gaur. Hain zuzen ere, zerbitzu pribatuetako delegatuekin batzarra izan dugu, eta, ondoren, Berriozarreko Decathlonen aurrean protesta egin dugu, bertako langileek pairatzen duten prekarietatea salatzeko. Era berean, Decathloneko biltegia ez ixteko eskatu dugu, eta 140 lanpostu arriskuan daudela ohartarazi.

LABen Zerbitzuen federazioko hamarnaka ordezkarik elkarretaratzea egin dute gaur Decathlonek Berriozarren duen saltokiaren aitzinean, kirol produktuen enpresak biltegia Imarkoaindik kendu eta Leonera (Espainia) eramateko erabakia hartu duela salatzeko, Ekimen Ibiltariaren harira. Biltegiaren lekualdatze horrek 140 lanpostu suntsituko ditu Nafarroan.

“Biltegian lan egiten duten langileak oso gazteak dira”, azaldu du LABen Zerbitzuen federazioko merkataritza arduradun Nahikari Arduyak. “Haiendako, hau lehenbiziko lanpostua da eta prekarietatea bere gordinean ezagutu dute Decathlonen eskutik. Hala ere, beren lanpostua defendatu dute hauteskundeak bultzatuz eta langileen ahotsa enpresara eramanez”.

Decathlonen biltegiko lanpostuak Nafarroan nahi ditu LABek, eta ez Leonen. “Zentzu horretan Nafarroako Gobernuarekin kontaktuan egon gara langile hauen egoera salatzeko eta ikusarazteko gobernuak ere baduela ardurarik deslokalizazio honetan”.

“Decathloneko langileak ez daude bakarrik”, gaineratu du Arduyak. “Ehunka langile ordezkatzen dituzten hainbat enpresatako ordezkariak Decathlonen elkartu gara bertako langileei adierazteko laguntzeko prest gaudela, Nafarroan lan baldintza duinak lortze aldera”.

Gaurko jarduerek arratsaldean izango dute segida; Barañainen, hain justu. ATHri buruzko hitzaldi bat egingo dugu, 19:00etan, Barañaingo Akelamendin; eta 18:00etan, Infogunea muntatuko dugu Barañaingo udal plazan.

Iruñean izango gara bihar, urriak 25. Zerbitzu publikoetako delegatuen batzarra egingo dugu goizean, eta, ondoren, prekarietatearen aurkako mobilizazio bat egingo dugu, 12:00etan, Misericordiatik abiatuta. Nabarreria plazan Infogunea ezarriko dugu, 18:00etan, eta, ordu bat geroago, aldaketa soziala eta burujabetza hizpide izango dituen hitzaldia gauzatuko dugu, Iruñeko gaztetxean, Nabarreria plazan bertan dagoena.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.