2026-09-21
HomeEkintza SindikalaPatronalak eduki egokirik aurkeztu ezean, EAEko Gizarte Ekimenetako ikastetxeetan beste hamar greba...

Patronalak eduki egokirik aurkeztu ezean, EAEko Gizarte Ekimenetako ikastetxeetan beste hamar greba egun egingo ditugu urtarrilean eta otsailean

Patronalek bilerak deitu dituzte, baina proposamenik ez dute aurreratu sindikatuok aldez aurretik eskatu arren. Hiru urte dira hitzarmena iraungita dagoela. Guztira, hamalau bilera egin ditugu sindikatuok, aurrerapausorik gabe.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek bederatzi greba egun egin dituzte jada, eta beste hamar greba egun gehiago dituzte deituta sektorean ordezkaritza duten LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek: urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25erako eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako.

Bada, greba dinamikak behartuta, bilerak deitu dituzte mahai negoziatzailean ordezkaritza duten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek. Lehena urtarrilaren 10erako, asteazkenerako.

Sindikatuok hitzarmena berritzeko akordioa lortu nahi dugu, ikastetxeetako langileen baldintzekin lotuta baitago ikasleei eskaintzen zaien hezkuntzaren kalitatea. Horregatik, orain arte bezala, bilerara joango garela baieztatu diegu patronalei, eta eskatu diegu aldez aurretik helaraz dezatela aurkeztuko duten proposamena, edukiak aztertu eta negoziaketan ahalik eta gehien aurreratzeko. Izan ere, ez dugu onartuko edukirik gabeko proposamenik, are gutxiago desmobilizazioa sustatzea helburua bada.

EAEko Gizarte Ekimeneko hitzarmenak hiru urte daramatza iraungita, eta Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek proposamenik eta edukirik gabeko bilerak deitu dituzte; bai grebak hasi aurreko hamahiru bileretan, bai greben bitartean, azaroaren 27rako deitutakoan.

Hori horrela, sindikatuok fede oneko negoziaketa eta proposamenak lehenbailehen egiteko eskaera egin diegu patronalei. Eusko Jaurlaritzari, bestetik, beharrezkoa izanez gero, gatazka bideratzeko esku har dezala eskatu diogu.

Edukirik mahaigaineratu ezean, urtarrilerako eta otsailerako deitutako greba egunekin aurrera egin beste biderik ez dugu izango. Era berean, ikastetxeetan sinadura bilketa bat abian jarriko dugu, hitzarmena berritzea posible egingo duten edukiak aurkeztearen alde.

Hain zuzen ere, aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.