2026-10-03
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaEuskarazko Lanbide Heziketa, irakasle ezarengatik blokeatuta Nafarroan

Euskarazko Lanbide Heziketa, irakasle ezarengatik blokeatuta Nafarroan

LAB sindikatuak ekainean iragarri zuen hasi dugun ikasturtean Lanbide Heziketako ziklo berrietan euskarazko nahikoa irakaslerik ez izateko arriskua zegoela eta, zoritxarrez, iragarpena bete egin da. Hezkuntza Departamentuak, kasu honetan aurreikuspen eta kudeaketa eskasaren ondorioz, aipatu zikloetan izen-emandako ikasleriari arazo larria eragin dio. Beraz, egonkorturik gabeko ikasturte hasieraren ondorioak nozitu beharko ditu.

Ziklo horiek jasango dituzten balizko atzerapenak programazio eta material didaktiko egokia lantzeko zailtasunak eragiten ditu eta irakaskuntza gutxieneko kalitate eta eraginkortasunez egitea oztopatzen du.

Horrez gain, ziklo horietako ikasleek ez dute beharrezko titulazioa duen irakaslerik izango edo, gaitz erdi, berandu agertuko dira.

Hezkuntza Saileko Giza Baliabideetako arduradunen jarduna gaitzesgarria iruditzen zaigu, bere garaian ziklo berri horiei dagozkien zerrendak ez irekitzea erabaki baitzuten. Ekimen eza horren adierazgarri gisa, gaztelerazko zerrendak ez dituzte baliatu, hori egitea posible zuten arren, zerrenda-kideak direla argudiatuz. LABen aburuz, zerrenda bakarrari modu setatsuan uko egitearen ondorioak dira hauek guztiak. Aldi berean, tankera honetako gertaeretan, hizkuntz-normalizazioa bultzatzeko edozein ekimen judizializatzen duten euskararen aurkako lobiei dioten beldurra sumatzen da.

Geroa Baik hizkuntza normalizazioaren inguruan duen diskurtsoa UPNrenaren oso bestelakoa bada ere, sakoneko erabakietan antzekotasun handiegia dago bien artean. Horren adierazle, Hezkuntza Sailak egun dagoen apartheid linguistikoa normaltasunez bizitzea da, funtsezko senak dionaren aurka. Horrela ez bada, behin-betikoz hezkuntzan eman beharra den aldaketaren aldeko apustua agertu beharko luke.

Euskaldunok lurralde honetan pairatzen dugun hizkuntz-eskubideen zanpaketaren parekorik ez da Europa osoan, gai larria da eta Hezkuntza Departamentuak ez du hori konpontzeko asmorik adierazten.

LABek ez du onartuko euskarazko irakaskuntza espainolez egindakoaren pare ez egotea, batez ere atzean Hezkuntza Saileko Giza Baliabide arduradunen utzikeria eta kudeaketa eskasa agerikoak direnean. Aldi berean, sindikatu honek kalitatezko hezkuntzaren eta ikasle-irakasle euskaldunon hizkuntz-eskubideen aldeko apustua berresten du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...