2026-09-22
HomeEkintza SindikalaAbenduaren 19an ere sektore publikoko lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu

Abenduaren 19an ere sektore publikoko lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu

Urriaren 25erako LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuok bat egin, eta «zerbitzu publikoak indartzeko soldata eta enplegua hemen adostu» lelopean eta aldarrikapenak adostuta, milaka langile lan zentroak hustu eta hiru hiriburuetako kaleak bete genituen. Datorren asteartean, 19an, berriro egingo dugula adierazteko mobilizazioak egin ditugu gaur EAEko administrazio eta enpresa publikoetako lantokietan: haurreskolak, eskolak, institutuak, unibertsitatean, ospitaleak, osasun zentroak, udalak, aldundiak, Jaurlaritza, enpresa publikoak…

Arduradun instituzional eta politiko batzuk, lehendakaria buru, greba zapuzten eta egoeraren erantzukizuna gainetik kentzen saiatu ziren, eta halaxe jarraitzen dute. Urriaren 25eko grebaren arrakastak, eta sektore publikoan etengabe dauden mobilizazioek EAJ mugimenduak egitera eraman dute. Mugimenduetako bat Madrilen PSOErekin langileon baldintzez negoziatzera behartuta ikusi duela bere burua izan da, mugimendu eskasa, baina mugitu behar izan da. Honek argi uzten du grebek eta mobilizazioek borondate politikoak aldatzeko gai direla. Horregatik jarraitu behar dugu mobilizatzen, eta datorren 19an berriro lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu.

Greba berriro ere arrakastatsua izango da, alderdiak eta instituzioak astindu behar ditugulako langile publikoon beharrak kontuan har daitezen: erakundeen aurrekontuetan lehenik, bestela negoziazio mahaietan ez da egongo zer negoziatu, inposizioak izango dira. Eta hau da aldarrikatzen jarraitzen duguna:

  • Estatutik datozen mugak ez onartzea, ez inposiziorik, ez betorik
  • %10eko soldata igoera dagoeneko jasotzea, eta aurreko zorra berreskuratzea
  • Enplegua sortzea eta egonkortzea, eta behin-behinekotasuna %8tik behera jaistea
  • Publikoa indartzea, pribatizaziorik ez, publifikatzeko planak adostea
  • Lan kargak arindu eta langileon osasuna bermatzea
  • Politika feministak, berdintasun-plan erreal eta eraginkorrak adostea
  • Administrazioak eta langileak euskaraz aritzea, iruzurrik ez
  • Jardunaldiaren murrizketa, 32 orduko lan astearen norabidean

Berriro diogu, borrokatzeko garaia da, eta datorren asteartea 19an berriro egingo dugu sektore publiko osoan!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko Udalaren eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek beste greba ziklo bati ekin diote

Gaur goizean manifestazioa eta elkarretaratzea egin dituzte, eta datozen egunetarako ere hainbat hitzordu iragarri dituzte.

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.