2026-06-20
HomeEkintza SindikalaTolosa hiribidean bide mozketa egin dugu, zaintza duinak aldarrikatu eta arlo horren...

Tolosa hiribidean bide mozketa egin dugu, zaintza duinak aldarrikatu eta arlo horren bueltako negozioa amai dadila exijitzeko

Goizeko 8:45ak inguruan, hainbat autoren joan-etorria oztopatu eta txaleko moreak, pankartak nahiz ke poteak hartuta, LABeko kideok, pikete feministaren bitartez, zaintzaren inguruko negozioak salatu eta datorren osteguneko Greba Feminista Orokorrerako deia zabaldu dugu Donostian.

Ordu laurden inguruz trafikoak aurrera egin zezan galarazteaz gain, Donostiako inguru hartan Eulen taldeak dituen bulegoetako atea zintaz itxi dugu, halako enpresek zaintzen merkantilizazioan daukaten erantzukizuna ikusarazi nahian.

Hala, gaurko ekimenean bi aldarrikapen nagusi egin nahi izan ditugu.

Alde batetik, argi utzi nahi izan dugu premiazkoa dela zaintzaren negozioarekin behingoz bukatzea. Gogoratu zaintzaren bueltako enplegurik gehien-gehienak pribatizatuta daudela gaur egun Euskal Herrian, administrazio publikoak enpresa pribatuen esku uzten baititu. Horrek, noski, zerbitzua bera kaltetzen du eta, zer esanik ez, baita langileen lan-baldintzak ere. Hala, langileon bizitzen kontura poltsikoak betetzeko iturri paregabea aurkitu du patronalak, instituzioen konplizitatea baliatuta. Egoera horren aurrean, LABen eskatzen duguna da zerbitzuotan diharduten langileak langile publiko bilakatzea eta administrazio publikoaren kudeaketa zuzena ezartzea, zerbitzua bera nahiz lan-baldintzak duintze aldera.

Bestalde, gaurko mobilizazioaren bidez azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrarekin bat egiteko deia zabaldu nahi izan dugu lau haizetara. Izan ere, herritar guztion ardura da bizitzak eta zaintzak erdigunean jarri eta, beraz, aurrera eramatea zaintza eskubide unibertsalaren eta zaintza hori modu duinean eman ahal izatearen aldeko borroka.

Horrenbestez, datorren ostegunean kaleak hartu behar ditugu, Euskal Herria geldiarazi, lantokiak hustu eta kaleak bete, bereziki greba egin ezin duten horien guztien izenean. Euskal Herrian Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa lortu bitartean, segi dezagun borrokan!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.