2026-09-21
HomeEkintza SozialaEkosozialismoa"Sindikalismoa, mugimendu ekologista eta mugimendu feministaren arteko aliantza ezinbestekoa da"

“Sindikalismoa, mugimendu ekologista eta mugimendu feministaren arteko aliantza ezinbestekoa da”

LABeko Industria Federazioko kide Zorion Ortigosa hizlari moduan aritu da Herri Eskola Ekosozialisten lehen saioan. Hain zuzen ere, Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialaz aritu dira hizlariak, eta, Ortigosak nabarmendutakoaren arabera, Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Karta izan daiteke abiapuntua herritarron interesak babestuko dituen alternatiba bat eraikitzeko. "Gehiengo sozial bat artikulatu daiteke alternatiba baten alde", berretsi du.

2016ko irailean Bilbon egindako Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialisten ondoren sortu zen Euskal Gune Ekosozialista. Euskal Herrian gogoeta eta eztabaidatzeko espazio bat da. Horren inguruan, aktibistak, ikertzaileak eta bestelako pertsonak biltzen dira, eta egunerokotasunean praktika ekosozialistak erdigunean kokatzea da helburu nagusia.

Herri Eskola Ekosozialista Euskal Gune Ekosozialistak formakuntzarako duen tresna nagusia da. Bestelako eredu bat posible dela pentsatzen duten pertsonei eskainia dagoen proiektu kultural eta hezitzailea da. Bada, Herri Eskola Eskosozialistak bere lehen saioa egin zuen atzo, Bilboko La Bolsan. Hain zuzen ere, Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialari buruzko solasaldia egin zuten, eta hizlarien artean LABeko Industria federazioko kide Zorion Ortigosa izan zen.

LABeko ordezkariaren hitzetan, "sindikalismoa, mugimendu ekologista eta mugimendu feministaren arteko aliantza ezinbestekoa da ekonomia birpentsatzeko". Ortigosak argi du herritarrok izango garela gure geroa eta eredu ekonomikoa erabakiko dugunak. Hortaz, burujabetza proezua izan daiteke eredu berri baterako bidea, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta abiapuntua, "hain ezberdinak izan diren mugimendu feminista, ekologista eta sindikalarentzat lurzoru komuna" dena.

Industriari dagokionez, adierazi du industriak funtseskoa izaten jarraitzen duela ekonomian, nahiz eta azken urteetan pisua galdu duen. "Ongizate eta enplegu sortzailea da", zehaztu du. Hori bai, industriak prekarietatearen hautua egin duela salatu du: "Industria 4.0 propagandaren atzean, errealitatea da lan baldintzak okertzen lehiatzeko estrategia dagoela: lan erreformak, negoziazio kolektiboaren ahultzea, kontratazio berrien diskriminazioa, emakumeek gero eta sarbide zailagoa… Lehiatzeko estrategia soldatak murriztea, lan baldintzak okertzea, azpikontratazioa eta langileriaren zatiketa da. Lan harremanen indibidualizazioaren aldeko apustua egiten dute patronalek, geroz eta antidemokratikoagoa izango den enpresa eredua".

Ondorioz, Ortigosak azpimarratu du hazkundeak geroz eta harreman gutxiago duela enpleguaren sorrerarekin. "Industrian aginte makila duten enpresariek ez dute bere kabuz trantsizio ekosozialistarik bultzatuko; soilik irabazi tasak handitzeko aukera izango dutela ziurtatzen bazaie proposatzen diren alternatiben bitartez, eta hori ezinezkoa da", erantsi du LABeko ordezkariak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.