2026-10-02
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaIndustriaren trantsizio ekosozialaz arituko dira Bilbon, maiatzaren 9an

Industriaren trantsizio ekosozialaz arituko dira Bilbon, maiatzaren 9an

Euskal Gune Ekosozialistak agerraldi bat egin du gaur Bilbon, eta iniziatibaren sorrera, xedeak eta lan markoa aurkeztu ditu. Era berean, Euskal Gune Ekosozialistatik bertatik sortutako Herri Eskola Ekosozialistaren berri eman dute, baita honen definizioa, helburuak eta metologia jakinarazi ere. Hain zuzen ere, herri eskolak lehen saio bat antolatu du datorren maiatzaren 9rako, 19:00etan, Bilboko La Bolsan: Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialaz arituko dira.

2016ko irailean Bilbon egindako Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialisten ondoren sortu zen Euskal Gune Ekosozialista. Euskal Herrian gogoeta eta eztabaidatzeko espazio bat da. Horren inguruan, aktibistak, ikertzaileak eta bestelako pertsonak biltzen dira, eta egunerokotasunean praktika ekosozialistak erdigunean kokatzea da helburu nagusia.

Herri Eskola Ekosozialista Euskal Gune Ekosozialistak formakuntzarako duen tresna nagusia da. Bestelako eredu bat posible dela pentsatzen duten pertsonei eskainia dagoen proiektu kultural eta hezitzailea da. Horrela, Euskal Herriak aurrera eraman beharreko trantsizio ekonomiko (energetikoa eta produkzio ereduarena: industria, garraiobideak, elikadura burujabetza…), sozial (zaintzare antolakuntza kolektiboa, osasuna, hezkuntza…), kultural (jasangarritasunaren aldeko hezkuntza, gure eguneroko bizitzaren birpentsatzea, herri jakituriaren berreskurapena…), legegile (ondare komunak berreskuratu eta babesteko legeak, desjabetzeen eta pobrezia energetikoaren kontrakoak, biodibertsitatearen ingurukoak…) eta lurraldeko trantsizioan (lurralde planifikazio eta ordenatzea, aurrekontu partehartzaileak…) sakontzeko beharra ikusten duten horiei zuzendua dago.

Eskola, hausnarketak eta formakuntzan zentratzeaz gain, alternatiba eta proposamen zehatzak diseinatzera bideratuta dago.

Zentzu honetan, herri eskolak saio bat antolatu du datorren maiatzaren 9rako, 19:00etan, Bilboko La Bolsan. Joserra Becerra (EQUO, Elkarrekin Ahal Dugu-ko Euskal parlamentaria), Ana Perez (Bilboko Emakumeen Asanblada) eta Zorion Ortigosa (LAB-Industria Federakundea) Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialaz arituko dira. Ekainaren 3an emango diote jarraipena eztabaidari. Karmelo espazioan, Santutxun, esperientziak trukatzeko tailerra egingo dute, 10:00etan.

Jardunaldi gehiago aurreikusi dituzte datozen asteetarako, gai desberdinen inguruan; pentsio publikoei buruz, esaterako, maiatzaren 12an.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.