2026-10-08
HomeEkintza SindikalaUGT eta CCOO sindikatuek Nafarroako ostalaritzako hitzarmena sinatu dute, sektorean aldarrikatzen ari...

UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroako ostalaritzako hitzarmena sinatu dute, sektorean aldarrikatzen ari ziren gutxienekoak bete gabe

UGTk, CCOOk eta Ostalaritzako patronaletako batek hitzarmen akordio bat lortu dute gaur, baina ez ditu betetzen uztailaren 1eko eta 7ko grebek zituzten aldarrikapenak: KPIaren bermea, lanaldi partzialen erregulazioa eta atsedenaldi eta oporren hobekuntzak.

LAB sindikatutik salatu nahi dugu gaur, lehen greba-egunerako astebete falta denean, UGTk eta CCOOk ostalaritzan lortu duten akordioa. Argi dago, eta horrela azaldu du patronalak negoziazio mahaian, langileen mobilizazioak euren blokeo jarreratik mugitzeko balio izan duela, baina oraindik denbora eta eduki gehiago falta zen akordio batera iristeko.

Langileak mobilizatzen ari ziren eta greba deialdiek zituzten gutxienekoak argi zeuden, baina bat ere ez da lortu:

Itundutako soldata-igoerek EZ dute KPIa bermatzen; izan ere, muga bat jartzen dute, eta muga hori gainditzen badute, ez dira igoko; hau da, hurrengo 4 urteetan KPIak % 17 gainditzen badu, soldatak ez dira igoera horietara iritsiko (kontuan izan behar da bi urteetan KPIa % 12 baino gehiago igo dela, eta, beraz, ez da burugabea lau urtetan %17 gainditzea). Gainera, ez dituzte 2022ko atzerapen guztiak ordainduko, tabernak, jatetxeak eta hotelak %100ean egon diren urtea izan arren.

Bestalde, oporrek eta egutegiek orain arte bezala jarraituko dute araututa, ez baita hori aldatzeko inolako hobekuntzarik sartu. Eta sindikatu honentzat larriena da lanaldi partzialek deserregularizazio berarekin jarraituko dutela, orain arte bezala. Soldatez gain, sektore honen ezaugarria da langile gehienek benetan egiten dituzten orduak baino askoz lanaldi txikiagoko kontratuak dituztela, eta erregistro elektroniko batek hori agerian uzteko baino ez du balioko. LABen beti izan dugu argi ostalaritzaren sektoreko prekarietatearen aurka aurrera egiteko ezinbestekoa zela gehiegizko kontratazio horien aurkako neurri zehatzak sartzea.

Berriro ere, UGTk eta CCOOk eskua luzatu diote patronalari mobilizazioak saihestuz eta ostalaritzan lan egitea prekarietatea izaten jarraitzea onartuz. Bi hilabete hauetan “ostalaritza salbatuko dugu hitzarmen duin batekin” langile guztien leloa izan arren, gaur ikusi dugu patronala dela salbatu dutena, beldur baitzen larunbatean eta sanferminetan egindako grebek haien kontuetan triskantza eragingo ote zuten.

Beste behin ere egiaztatu da mobilizazioak hobekuntzak lortzen dituela, baina beharrezkoa da sektorean gehiengo sindikala aldatzea, hitzarmenak langileen baldintzak hobetu ditzan eta patronalen nahiak ase ez ditzan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Postako langileak kalera atera dira zerbitzu publikoaren eta beren eskubideen defentsan

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Honako neurri hauek eskatu dituzte, hemen erabaki nahi dituztelako beren lan-baldintzak: - Posta Zerbitzu Unibertsalaren finantzaketa indartzea kalitatezko...

EAEko udal sektoreko greba eguna arrakastatsua izan da eta langileek argi eta garbi adierazi diote EUDELi negoziazioaren blokeoa ez dutela onartuko

Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde askotan greba jarraipena zabala izaten ari da, hainbat udaleta udal zerbitzu itxi direlarik. LABek eta ELAk argi adierazi nahi diegu Eudeleko mahaia osatzen duten alderdiei Udalhitzen negoziazioaren blokeoa ez dugula onartzen eta aurrera pausuak emateko garaia dela.

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.