2026-07-31
HomeEkintza PolitikoaElkarrizketa Sozialeko Kontseilua arbuiatu eta enplegu plana ez bahitzea eskatzen dugu

Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua arbuiatu eta enplegu plana ez bahitzea eskatzen dugu

Nafarroako Gobernuak LAB eta ELA gonbidatu ditu, prentsa bidez, Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluaren markoan enplegu planaren inguruan eztabaidatzeko. Alabaina, Gobernuak jakin badaki LAB ez dela inolaz ere marko horretara joango, bi arrazoi sendo direla medio.

Lehenik eta behin, Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua UPN eta PSNk pasa den legegintzaldiaren amaieran sortutako instituzioa da, elkarrizketa sozialeko eredu jakin bat, 1995etik CEN, UGT eta CCOOek monopolizatu dutenak hain zuzen ere, instituzionalizateko asmoz. Aipatutako eredu horrek ustezko "bake soziala" irudikatzen du, Patronalak lan erreformaren bidez langileriaren kontrako gerra egiten duen bitartean. Erabateko porrota izan da langileontzako, gure lan eta bizi baldintzak 1995ean baino kaxkarragoak baitira gaur egun. Elkarrizketa Soziala, gainera, Erregimen baztertzaile, ustel eta antisozialaren ardatz soziala izan da.

Bigarrenik, 2016ko uztailetik Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak ez du gehiengo sindikal bat ordezkatzen, UGT eta CCOOen ordezkaritza %49,42raino jaitsi baita; hilabetez hilabete murrizten ari da gainera.

Gobernuak bere gonbidapena egin duenean, jakin bazekien LABek ez zuela onartu behar, hortaz fede txarrez egin duela uste dugu. Bere unean Gobernuari esandakoa berresten dugu: Nafarroako Gobernuak eskubidea du Enplegu planaz nahi duen tokian eta nahi duen eragileekin eztabaidatzeko, baina Enplegu Planaren egitura eta edukien inguruko erabakia, nahiz bere azken onarpena, ezin liteke izan Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluaren eskumena.

LABek ekarpen ugari egin zizkion Enplegu Planari duela hilabete bat eta Gobernuaren erantzunaren zain dago oraindik.

LAB ez da joango Elkarrizketa Sozialeko Kontseilura eta Enplegu Planaren eztabaida eta onarpena marko horretara mugatzearen kontra egingo du. Berriro ere eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua disolbatu eta Nafarroan lan harreman eredu berri baten inguruko eztabaida ireki dezan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.