2026-08-02
HomeEkintza SindikalaManifestazio jendetsuak Osakidetzako grebaren bigarren egunean

Manifestazio jendetsuak Osakidetzako grebaren bigarren egunean

Grebari emandako erantzuna atzokoa baino are handiagoa izan da; eta berriro ere, bereziki garrantzitsua izan da Lehen Arretan, eta horrek erakusten du langileek jasaten duten egoeraren larritasuna. Lanuztearekin bat egin ahal izan dutenen artean %65ekoa izan da jarraipena.

Gaur, Osakidetza, bigarren greba eguna egiten ari da LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Goizeko 12etan manifestazioak egin dira hiru hiriburuetan. Parte-hartzea jendetsua izan da, eta langileek herritarren babesa izan dute, mobilizazioan ere aktiboki parte hartu baitute.

Atzo gertatu zen bezala, jarraipena bereziki garrantzitsua izaten ari da Lehen Arretan, eta horrek agerian uzten du, beste behin ere, arreta-maila horrek jasaten duen egoera larria, baita langileen haserrea ere. Ildo horretan, azpimarratu behar da Arangoitiko (Bilbo), Zaramagako, Lakua-Arrigagako, Salburuko, San Martingo (Gasteiz), Oiartzungo eta Lazkaoko osasun-zentroak itxita egon direla, adibidez. Jarraipen garrantzitsua izaten ari da ere toki askotan, hala nola, Kabiezesen (Santurtzi), Oñatin, Arrasaten, Bergaran edo Dunboan, baita Goierri Urola Garaiko eta Tolosaldeko ESIetako osasun-zentroetan ere. Horietako askotan gutxieneko zerbitzua bakarrik daude lanean. Arabako landa-eremuko lehen arretaren jarraipena %80koa izan da berriz ere gaurkoan.

Gainerako arreta-mailek ere irmoki egin dute bat lanuzteekin. Zumarraga, Mendaro eta Arrasateko ospitaleetan, ebakuntza-gelak itxita daude, baita Zumarraga Ospitaleko Antomia Patologikoko zerbitzua, Gasteizko Santiago Ospitaleko izpien zerbitzua eta Arrasate Ospitaleko farmazia ere. Jarraipen oso garrantzitsua edo zerbitzu itxiak Basurtuko, Gurutzetako, Donostia Ospitaleko eta Galdakaoko biltegietan. Baita Donostia Ospitaleko eta Galdakaoko sukaldean ere. Itxita dago Gurutzetako erresonantzia magnetikoaren zerbitzua. Arabako ESIko ebakuntza-gelak urgentzietarako bakarrik ari dira funtzionatzen. Grebaren jarraipena oso garrantzitsua izaten ari da Gurutzetako Ospitaleko laborategietan, ospitale horretako mantentze-zerbitzuan edo Bidasoa Ospitalean. Osasun Mentalean, Arrasateko Osasun Mentaleko Zentroa ere, adibidez, itxita dago.

Aipamen berezia merezi du berriz ere Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak. Azpimarratu behar dugu, bi greba deialdi hauek baino lehen, guztira 27 greba egun egin dituela pairatzen duten soldata-diskriminazioa amaitzeko eskatuz. Atzo bezala, kolektiboan jarraipena oso zabala izan da berriro ere.

Atzoko egunean gertatu zen bezala, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak dira eta milaka langile greba eskubiderik gabe geratu dira. Kolektiboaren greba-eskubidea neutralizatzeko, eragozteko eta erasotzeko beste ahalegin baten aurrean gaude. Lan Sailak emandako Gutxieneko Zerbitzuen Aginduaren eduki murriztaileaz gain, salatu behar dugu, gaur ere, hainbat ESItako zuzendaritzek greba neutralizatzeko eta zailtzeko egin duten ahalegina, Agindua modu murriztailean interpretatuz eta bertan jasotakoaz haratago, gutxieneko zerbitzuak egitea ezarriz. Hori gutxi balitz, ESIetako zuzendaritzek sindikatuei jarraipen-daturik ez emateko agindua jaso dute Zerbituz Zentraletatik. Osakidetzaren opakutasunaren beste adibide baten aurrean gaude.

Grebaren jarraipenari dagokionez, Osakidetzak datuak manipulatzen dituela salatu behar dugu beste behin. Portzentaia kalkulatzeko, ez du greba egin dezaketen langileen kopurua hartzen (izendatutako gutxieneko zerbitzuak kenduta), baizik eta plantilla osoaren gainean kalkulatzen du, kontutan hartu gabe, horietariko askok, ez daukatela greba egiteko aukerarik minimak direlako. Horregatik, adibidez, jarraipena %0koa izan da gaueko txandan. Baina ez du esaten gauez lan egiten duten langileek ezin dutela grebarekin bat egin, gutxieneko zerbitzua direlako. Manipulazio jasanezin baten aurrean gaude.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek elkarrizketa eta negoziazioa berreskuratzeko deia egin diote Osasun Sailari, Osakidetzak bizi duen egoera larriaren aurrean benetako eta berehalako irtenbideak martxan jartzeko helburuarekin. Bestela, mobilizazioekin jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.