2026-10-01
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaLan istripuak salatzeko manifestazio bat egingo dugu Bilbon, abenduaren 20an

Lan istripuak salatzeko manifestazio bat egingo dugu Bilbon, abenduaren 20an


‘Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez!’. Horixe izango da, datorren asteartean, Bilbon egingo dugun manifestazioaren leloa. Euskal gehiengo sindikalak deitutako protesta Plaza Zirkularretik abiatuko da, 11:30ean, eta Hego Euskal Herrian aurten hil diren 53 pertsonak ekarriko ditu gogora. “Lan osasuna ez da lehentasun bat agintarientzat”, salatu du LABeko Exekutiboko kide Garbiñe Aranburuk, gaurko agerraldian.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deitu dute abenduaren 20ko manifestaziora. Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariek agerraldia egin dute Bilbon, eta 2016. urteko lan istripuen txostena aurkeztu dute. Hauek dira txostenaren datu esanguratsuenak: 

2016. urtea bukatzen ari den honetan, lan ezbeharren egoerak nabarmen egin duela txarrera salatu nahi dugu. Izan ere, iaz urte osoan 52 izan ziren guztira eta aurten, Hego Euskal Herrian, bederen, 53 langile hil dira jada lan istripu baten ondorioz.

Araban 03
Bizkaian 29
Gipuzkoan 08
Nafarroan 13

Egoeraren larritasuna adierazteko, ondorengo datuak ere esanguratsuak iruditzen zaizkigu. Hain zuzen ere, 2016. urteko lehengo 10 hilabeteetan %9,5 handitu da istripuen kopurua. Larritasunaren arabera: bajarik gabeko istripuak %11,3 handitu dira; baja arinak, %6,7; hilgarriak, %6.

Arinak eta bajarik gabeko istripuei dagokienez, 2013. urtetik %15 handitu dira. Urtero igo dira: 2014. urtean, %1; 2015. urtean, %3,5; 2016. urtean, %9,5.

Lan istripu hilgarriei dagokienez, 2013. urtetik %15 handitu dira.

Lan istripu bat, 5 minuturo

Egunero 288 lan istripu jazotzen dira. Edo bestela esanda, 5 minuturo lan istripu bat gertatzen da. Istripu horietako 178k ez dute bajarik eragiten, eta 109k egun bat baino gehiago irauten duen ezintasuna sortzen dute. Sei egunean behin istripu hilgarria gertatu ohi da.

Lanbide gaixotasunak, guztira, %8,2 handitu dira. Egunero 10 bat lanbide gaixotasun sortzen dira. Horietako 6k ez dute bajarik eragiten, eta lauk egun bat baino gehiago eragiten dute.

Kontuan hartzen baditugu egun bat baino gehiagoko ezintasunak sortzen dituzten lan istripuak eta lanbide gaixotasunak: egunero 96 pertsonei ematen diete baja,
hots, 15 minuturo langile bati ematen diote baja.

Deigarria da gainera aurten izan diren istripuen hilgarrien herena azpikontratetan izan direla.

Estatistikek ezkutatzen dutena
Zenbaki hauek ez dira bat etorriko Osalan edo Nafarroako Lan Osasun Institutuak emango dituen datuekin. Izan ere, askotan salatu dugu estatistika ofizialek ez dutela errealitatea islatzen, istripu ugari ez dituztelako lan istripu gisa sailkatzen. Horien artean ditugu autonomo batzuek izaten dituztenak, etxeko langileenak, ezkutuko ekonomian lan egiten dutenenak, garraiolariek lanaldian izaten dituztenak, in itinere batzuk eta Euskal Herrian lan istripua jasan duten arren, baina haien enpresa kanpokoa duten langileenak.

Bestalde, lan harremanetan hedatzen ari den prekarietatearen ondorioz lan ezbeharren gero eta zati handiagoa ezkutuan geratzen ari da. Askotan enpresariak dira istripu hauek estaltzen dituztenak edo “istripu arin” bezala sailkatzen dituztenak, mutualitateen laguntzarekin, hainbat kasutan eta batez ere enpresa handietan, benetako lan istripu kopurua ezkutatu asmoz, langileak baja hartu ordez, beste jarduera batera bideratzen dira. Beste batzuetan langileak dira istripuak ez dituztenak komunikatzen, prekarietatearen ondorioz ziurgabetasun egoeran daudelako.

Hortaz, argi dago gaur egun dauzkagun informazio estatistiko sistemek ez dutela errealitatea islatzen. Eta hala ere, 2016. urteko lehenengo 10 hilabeteetan, baja gabeko lan istripuak, arinak eta hilgarriak areagotu egin dira. Honek agerian uzten du, premiazko neurririk bideratu ezean, datozen urteotan, lan istripuen kopuruak gora egingo duela.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...