2026-11-06
HomeEkintza SindikalaAntolakuntza eta borrokaren aldeko mezua eraman dugu Euskal Herri osoko kaleetara

Antolakuntza eta borrokaren aldeko mezua eraman dugu Euskal Herri osoko kaleetara

Maiatzaren Lehena da gaur, eta esparru guztiak lehiatzearen aldeko mezuak ardaztu ditu gaur egin ditugun mobilizazioak; lantokietan, kalean zein erakundeetan borrokatzearen aldeko deia egin dugu. 10.000 lagunek baino gehiagok egin dute bat LAB sindikatuaren deialdiekin.

Baiona, Bilbo, Donostia, Eibar, Gasteiz, Iruñea, Maule eta Tuteran. Milaka langile bildu gara Euskal Herri osoan, ipar zein hego, egindako mobilizazioetan, antolakuntza eta borrokaren aldeko aldarrikapenarekin bat eginez.

“Egiteko beste mundu bat! Repartir para transformar” leloarekin egin ditugu manifestazioak. Eta piztuta dauden sektore eta enpresetako borrokek euren tartea izan dute bertan, eta ugariak izan dira sektore feminizatuetakoei egindakoak keinuak ere, Greba Orokor Feministan parte hartzeko deiarekin batera. Etxebizitza eskubidea eta langile migranteen aldarrikapenak ere oso presente izan dira.

Bilbon egin du bere hitzartzea Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak, sindikatuaren aldarrikapenak agenda politikoaren erdigunean jartzeko deia eginez, hala nola, astean 30 orduko lanaldia eta 1.400 euroko gutxieneko soldata; zaintza-, osasun-, hezkuntza- eta etxebizitza-sistema publikoak; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta erreforma fiskala, kapitalak zergak behingoz ordaintzea. Ipar Euskal Herriaren kasuan, pairatzen dugun bazterketa sindikalaren aurrean gure proiektuaren zilegitasuna eta sendotasuna aldarrikatu ditugu, bertan egon delarik Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra, Ipar Euskal Herrian duela 20 urte baino gehiago hasitako bidea babesteko.

Aldarrikapenaz gain, ospakizunak ere izan du gaurkoan tartea, mobilizazioen ondoren Bilbon, Iruñean edo Baionan antolatu ditugun espazio informaletan. Hauetan, LABen komunitatea indartzeko aukera izan du sindikatuko kidegoak, jan-edanaz eta musikaz gozatu ahal izan duelarik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.

Santurtziko portuan larrialdi zerbitzuak eskura izatea hil ala biziko kontua da

Bilbo Portu instalazioetan lan-osasunaren arloan gertatu diren azken istripu larrien aurrean, hemen ordezkatuta gauden erakundeok, Bilboko Portu Agintaritzari zuzendutako salaketa publikoa egitea erabaki dugu, hura baita Portuko industria-esparru osoaren kudeaketaren, antolamenduaren eta segurtasun integralaren arduradun gorena.

Enplegu-Erregulazio Espedientea erretiratzeko eta Mallabiko lantegia ixteari alternatibak bilatzeko exijitu diogu Enerpac enpresari, lehengo Larzep

Enpresak 43 langile kaleratzeko asmoari eusten dio, baina ziurtatu du hirugarren baten proposamen serio bat baloratzeko prest egongo litzatekeela ziurtatu du. LABek Enplegu-Erregulazio Espedientea (EEE)...