2026-08-05
HomeEkintza SindikalaGreba deitu dugu Nafarroako adinekoen egoitzetan

Greba deitu dugu Nafarroako adinekoen egoitzetan

2021eko maiatzean Nafarroako Hirugarren Adinekoen Zentroen lehen sektoreko hitzarmena negoziatzen hasi ginen. Momentu horretan LAB, ELA eta UGT sindikatuek proposamen bateratu bat adostu genuen eta patronalei bidali genien. Ordutik askotan bildu bagara ere, gaur egun patronalek ez dute sindikatuek eskatutako gutxienekoak betetzen dituen proposamenik egin.

Bestalde, Nafarroako Gobernua, sektore hau finantzatzen duena eta erantzukizun publikoa duena, bat etorri da patronalaren jarrerarekin etengabe.

Gure aldarrikapenak argiak dira: lan-baldintza duinak negoziatzea Foru Erkidegoko 70 zentro baino gehiagotan beharrean dauden 4.500 langilerentzat hitzarmen kolektibo baten esparruan. Hitzarmen bat, plantillei lan duina egiteko aukera emango diena eta hirugarren adinekoei zerbitzuaren kalitatea bermatuko duena, arreta eta zaintza berezia behar duen kolektibo bat baita.

Patronalekin eta Nafarroako Gobernuarekin izan genuen azken bilera 2023ko urtarrilaren 26an izan zen. Bilera horretan, patronalek proposamen bat helarazi ziguten, negoziazio-mahaian gauden sindikatu guztiek atzera bota genuena. Hori dela eta, patronalei eskatu zitzaien sektoreko langileentzako baldintza duinak jasotzen zituen proposamen bat egiteko. Ostera, azken bileratik ia bi hilabetera, ez patronalek ez Nafarroako Gobernuak ez dute gure eskaerei erantzuteko borondaterik agertu. Gure ustez, horrek erakusten du patronalek eta Nafarroako Gobernuak ez dutela inolako interesik gatazka honi benetako konponbidea emateko.

Negoziazioa blokeatuta dagoenez eta sektoreko langileekiko begirunerik ez dagoenez, langileak mobilizatzera deitu nahi ditugu. Kontzentrazioak egingo ditugu martxoaren 24an Parlamentuan eta 29an Nafarroako Jauregian. Gainera, ezarritako zerbitzu minimoek grebarako eskubidea sakonki zailtzen diguten arren, elkarren segidako hiru greba egun deitu ditugu apirilaren 18, 19 eta 20rako. Hitzarmenak ezin du itxaron eta ez dugu blokeoa onartuko erantzun gisa. Ezin gara egokitu patronalek markatzen dituzten erritmoetara. Kaleak hartuz, gure gogaitasuna eta haserrea erakutsiz bakarrik lortuko dugu hitzarmen duin bat.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...