2024-05-03
HomeEkintza SindikalaGizarte Ekimeneko sindikatuok Lan Hitzarmenaren negoziazio mahaia agortua dagoela salatzen dugu

Gizarte Ekimeneko sindikatuok Lan Hitzarmenaren negoziazio mahaia agortua dagoela salatzen dugu

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko Ikastetxetako Lan Hitzarmenaren negoziazio mahaia agortua dagoela salatzen dugu. Patronalek edukiak izango dituen proposamen bat egin ezean, mobilizazioei ekitea beste biderik ez dugu izango, eta sektoreko langileak mobilizazio dinamika honetan parte hartzera deitzen ditugu.

Gizarte Ekimeneko Lan hitzarmen berriaren negoziaketa prozesuan, 13 negoziazio bilera gauzatu ditugu jadanik. 2022Ko maiatzean hasitako negoziaketetan, sindikatu guztiok ildo berdintsutik doazen eskaerak jarri ditugu mahai gainean. Patronalek, ordea, ez dute inolako negoziaketarako borondaterik erakutsi. Are gehiago, jadanik aurreko Lan hitzarmenean lortutako eduki batzuen inguruan atzerapausoak planteatu dizkigute. Besteak beste, tutoretza plusa erregulatzen duen artikuluaren erredakzio aldaketa, Haur Hezkuntzako Lehen zikloko eta Lanbide Heziketako langileek plusa jasotzeko eskubidea gal dezaten, Lanbide Heziketan asteko derrigorrezko 26 eskola-orduren ezarpena, Aste santu eta Gabonetan gozatu ez diren oporrak berreskuratzeko eskubidea kentzea, edo Hitzarmenean jasotako soldata zein lan-baldintzen betetzea finantzaketa publikora lotzea.

Azken negoziaketa-mahaia otsailaren 2an izan zen. Bilera hura hurrengo mahai baterako datarik gabe amaitu zen. Izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oso argi adierazi ziguten ez zutela edukien inguruko proposamenik egingo. Horretarako, aldez aurretik entzundako argudio berdinak jarri dituzte aitzakia gisa. Ziurgabetasun eszenatoki bat eta ikastetxeen bideragarritasuna bermatzeko beharra, beraien finantziazioa inoiz baino handiena izango denean zaharrak berri!

Haatik, Eusko Jaurlaritzarengana eskutik joateko planteamendua egin ziguten. Sindikatuok oso presente daukagu Eusko Jaurlaritzak baduela zeresanik, baina argi dago, une honetan mahaian egindako planteamenduak lan hitzarmenaren negoziaketa luzatzeko, beraien ardura lausotzeko eta mobilizazioa ekiditeko patronalen estrategia bati erantzuten diola.

Hortaz, argi dugu Kristau Eskola eta AICE-IZEAren inmobilismoa, erantzukizun falta eta erasoen aurrean langileok ez garela geldirik geratuko. Tamalez, patronalek negoziazio kolektiboari zilegitasuna kendu nahi eta gatazka berriro sortzeko hautua egin dute, langileoi mobilizazioen bidea besterik ez utziz.

Hau horrela, ohar honen bitartez, Gizarte Ekimeneko sindikatuok:
• Mahai negoziatzailea blokeatuta dagoela partekatzen eta salatzen dugu;
• Lan Hitzarmenaren negoziaketarako aldarrikapen nagusiak zerrendatzen ditugu;
• Zentzuzko negoziazioa ahalbideratuko lukeen edukizko planteamendua mahai gainean jartzeko deia egiten diegu patronalei
• Eta, azkenik, patronalen aldetik edukiak izango dituen proposamen bat egin ezean mobilizazioei ekitea beste biderik ez dugula izango adierazi nahi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.