2026-09-26
HomeEkintza SindikalaUliazpiko joan den asteko epaia deitoratzen dugu

Uliazpiko joan den asteko epaia deitoratzen dugu

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpin 34 zaintzaile-plaza betetzeko deialdia eta prozeduraren oinarriak baliogabetzat jotzen dituen epaia aztertu ondoren, Uliazpiko Enpresa Batzordearen gehiengoak, hau da, LABeko bost ordezkariek eta ELAko hirurek, guztiz arbuiatzen duela adierazi du. Beste bost ordezkari dituen CCOOk, aldiz, uko egin dio epaia gaitzesteko adierazpena babesteari.

Epaia guztiz bidegabea da langileek plaza bat lortzeko egin duten ahaleginarekin, Lan Eskaintza Publikoa egiteko 15 urte baino gehiago zain egon ondoren. Horrez gain, erabiltzaileen, senideen eta erakunde publikoko langileen eskubideen aurkako eraso
larria dela uste dugu. Oinarri horiek, gainera, aho batez onartu genituen batzordeko ordezkari garen sindikatu guztiek, Euskara Plana onartu zen bezala, zeinaren testutik eratorri baita aipatutako LEP.

Uliazpi adimen-desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea garatzen laguntzen duen erakundea da, eta hizkuntza-eskakizunak, herritarren eskubideei erantzuteaz gain, lanpostuaren ezaugarriei lotuta daude, erabiltzaileek behar dituzten laguntzak emateko beharrezkoak baitira. Hori dela eta, uste dugu epaiak akats larria egiten duela pertsona orok enplegu publiko bat lortzeko duen eskubide generikoa eta lanpostu jakin baterako baldintzak betetzeko beharra nahasten dituenean. Izan ere, Uliazpin hezkuntza-lanak egiteko, komunikazioa, eta, beraz, hizkuntzaren ezagutza, funtsezkoa da langileek esleituta dituzten zereginetan.

Epaimahaiak deialdia baliogabetzen duenean, hizkuntza-eskakizuna duten plazen kopurua gehiegizkoa dela iritzita, langileek plaza lortzeko egiten duten ahalegina gutxiesteaz gain, urratu egiten du erakundeek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko duten betebeharra, eta urratu egiten ditu gure erakundeek duela 30 urte baino gehiagotik euskararen normalizazioan aurrera egiteko adostutako hizkuntza-planak; horrez gain, urratu egiten du Uliazpiko erabiltzaileek behar dituzten laguntzak jasotzeko beraiek dakiten hizkuntzan komunikatzeko duten eskubidea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.