2025-12-06
HomeEkintza SindikalaMadres Mercedariaseko langileek 7 eguneko grebarako deialdia egin dute, Orozkoko Ibarra auzoko...

Madres Mercedariaseko langileek 7 eguneko grebarako deialdia egin dute, Orozkoko Ibarra auzoko egoitza-zentroa ixteko mehatxuaren eta bertako lan- baldintzen prekaritatearen aurrean

Orozkoko Ibarrako Madres Mercedarias egoitza-zentroko langileok aniztasun funtzionalaren sektoreko zerbitzu publiko bat egiten dugu, zehazki, Orozkoko Ibarra auzoan. Gure ordezkaritza sindikala LABeko 2 ordezkarik eta ESK-ko ordezkari batek osatzen dute.

43 langile gara, eta adimen-desgaitasuna duten 73 emakume zaintzen ditugu. Hau da, emakumeak gara emakumeak zaintzen, eta badakigu horregatik ausartzen direla lantokia ixtearekin mehatxatzera eta gure lan- baldintzak hain prekarioak izatera.

2019an, Madres Mercedarias-ek, Fundacion Aliados enpresa putrea erabiliz, soldatak izoztu zizkiguten eta urteko lanaldia handitu ziguten. Gure lan-baldintzak defendatzeko borroka hasi genuen eta gaur arte, 21 greba egun eta mobilizazio anitz egin ditugu. Bizkaiko Aldundiak beste alde batera begiratu du, bera izan arren ematen dugun zerbitzu publikoaren titularra, eta berau egiten dugu egungo prekaritate-egoeraren zuzeneko erantzule. Gogora ekarri nahi dugu 900 eta 1.100 euro arteko soldatak kobratzen ditugula.

Madre Mercedarias Kongregazioak berriki jakinarazi digu zerbitzua utziko dutela eta, inor ez badator euren negozioa erostera, lantokia itxiko dutela. Bizkaiko Aldundiak erabakia ezagutzen duela ere jakinarazi digute. EDE fundazioa kontratatu dute egungo egoera kudeatzeko. EDE-ren kudeaketa, orain arte, Kongregazioa langileekin edozein negoziaziotatik aldentzea izan da, eta langileei jakinaraztea hobe dela “zaratarik ez ateratzea”; hau da, gu beldurtzen saiatzea gure eskubideen alde borrokatu ez dezagun.

Egoera oso larria da, ez bakarrik guretzat, baita zaintzen ditugun emakumeentzat ere. Emakume horientzat egoitza-zentro hori beren etxea da. Bizkaiko Aldundia da, orain inoiz baino gehiago, gatazka honen erantzule zuzena, eta zuzenean interpelatuko dugu. Sergio Murillo arduradun gorenarekin bilera bat eskatu dugu, bere erantzukizunak bere gain hartzeko eta egoera honi irtenbidea emateko eskatzeko.

Egoera larri horren aurrean, eta hainbat batzar egin ondoren, 7 greba-egun deitzea erabaki dugu, otsailaren 6tik 12ra. Eta iragartzen dugu ez direla azkenak izango gure eskubideak errespetatzen ez badira: gure enpleguak mantentzea, erosteko ahalmena berreskuratzea eta gure urteko lanaldia murriztea.

Greba-egunetan hainbat mobilizazio eta ekintza egingo ditugu, besteak beste:

– Elkarretaratzeak egunero Orozkoko Ibarrako lantokian 14:30ean.

– Manifestazioa Bilbon otsailaren 8an. 10:00etan aterako da EDE Fundazioaren egoitzatik, eta Moyua
plazan batuko da borrokan ari diren aniztasun funtzionalaren sektoreko beste enpresa batzuekin, hala
nola Gorabide eta Gaude, Aldundiaren Jauregiraino.

Amaitzeko, gizarte osoa gonbidatu nahi dugu gure borroka babestera, eta, era berean, gure erabakia helarazi
nahi dugu, gure enpleguak eta lan-baldintzak bermatuak izan daitezen lortu arte, behar den guztia
borrokatzen jarraitzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...