2024-05-05
HomeUncategorizedLapurtu diguten boterea berreskuratzeko borrokatuko gara

Lapurtu diguten boterea berreskuratzeko borrokatuko gara


LABek, Ipar Hegoa Fundazioarekin batera, 2016ko ikusmiran txostena aurkeztu du. Bertan Euskal Herriko ordezkaritza sindikalaren bilakaera aztertu da. Mapa sindikalaren bilakaera plazaratu ostean, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia, aurrera begira jarri da eta adierazi du LABen erronka lortutako ordezkaritza prekarietatearen kontrako borrokan inplikatzea eta mapa sindikalaren aurrean iniziatibak hartzea dela, eta hau derrigorrez pasatzen da ELA eta LABen arteko elkarlana berrezkuratzetik.

Jagoba Zuluetak, Ipar Hegoa Fundazioko kideak, izan du Ikusmiran txostena aurkezteko ardura. “Lan honekin sindikatu bakoitzaren ordezkaritza soilik jasotzea baino, euskal sindikalismoaren ordezkaritzaren eta estalduraren bilakaera begiratu eta aztertu nahi izan dugu”. Azterketa mamitsua da eta asko dira aipa daitezken datuak. Lehenik eta behin agerian geratu da “sindikatuek ofentsiba gogorra jaso arren langileen artean eskubideen eta lan baldintzen defentsarako baliabide sendo bezala kontsideratzen dela”. Hala ere sindikalismoa birpentsatu beharra dago langileek bizi dituzten egoerei aurre egin ahal izateko. Eta amaitzeko “sindikatu abertzaleek ahalmen eta indar handia erakusten ari direla” nabarmendu du Zuluetak.

Gorka Berasategi, ejekutiboko kideak, ikusmiran txosteneko hauteskunde sindikalen atalari erreparatu dio. Sindikatuek izan duten bilakaeraren inguruko gako batzuk eman ditu. Zentzu horretan bi fase nagusi nabarmendu ditu, bata 1995etik 2014 arte, non ELA kontsolidatzen den EAEko lehenengo indar gisa eta CCOO eta LABek gora egiten duten. Garai horretan, Nafarroan CCOO-UGT blokea indartzen da. Bigarren fasean 2014tik aurrera egoera aldatzen da, ELAk bere lehen postua mantendu arren LAB da gehien indartzen den sindikatua. EAE zein Nafarroako argazki sindikala aldatu dira. Nafarroan CCOO eta UGTk gehiengo absolutoa galdu dute eta EAEn LAB bigarren sindikatua bilakatu da CCOOren aurretik.

Ikusmiran txostenean murgilduz, Ainhoa Etxaidek, datu guzti horien inguruan egiten dugun irakurketa plazaratu du. Idazkari Nagusiaren iritziz “bi klabe daude ordezkaritza honen atzean: batetik aurreko belaunaldiak sindikatu sendo eta kontsolidatu bat utzi izana eta bigarrenik belaunaldi berriak azken urteetan egindako ekintza sindikala, hartutako konpromiso sozialak eta finkatutako jarrera politikoa”. Sindikatuak lortutako emaitzen atzean LABen lerro propio bat dago bai negoziazio kolektiboan eta bai instituzioen aurrean ere.

Datuak hor daude, “azken 30 urteetan mapa sindikal irauli egin da” eta LABek gehiengoa eman eta kentzen dituen hirugarren sindikatua izateari utzi dio. Gure ustez momentu honetan “LABen balioa finkatu dugun eta egiten dugun ekintza eta estrategia sindikalan datza”.

LAB ez zen jaio ordezkaritza handia duen sindikatu bat izateko, bestelako Euskal Herri bat langileei eskaintzeko baizik. Ikusmiran honekin aztertu nahi izan dugu ordezkaritza sindikal honek zer botere ematen duen ikusten baitugu ordezkaritzak indartu arren horrek ez duela botere sindikala indartzea ekartzen. Egoera honen aurren eta Kongresuaren atarian Birpentsatzen prozesuari ekin zion sindikatuak. Hau da sindikalismoa krisian dagoela esaten den honetan, “euskal sindikalismoa eta konkretuki LAB biluztu nahi izan dugu jantzi berri bat egiteko, sindikalismo eraginkorragoa egiteko”.

LABek hamaika erronka ditu aurrean. Lehenik eta behin ordezkaritza zabaltzen jarraitzea eta “ordezkaritza hau prekarietatearen kontrako borrokan inplikatzea”. Bestalde langileen babes hau mobilizazio soziala suspertzeko baliatzea, hau da “jendea LABen ekimenez kalera ateratzea nahi dugu”. Azkenik mapa sindikalaren aurrean iniziatiba hartzea eta hori derrigorrez pasatzen da ELA eta LABen arte elkarlana berreskuratzetik. Elkarlan hori hiru norabidetan kokatzen dugu: ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboaren bidez langileen babesa indartzeko, hain zuzen ere gure ustez “konfrontazio garaia askoz ere emankorragoa izango da elkarlanean ireki eta garatzen badugu”. Bigarrenik mobilizazio soziala suspertzea. “Emergentzi egoera batean gaude eta emergentziazko neurrika hartu behar dira eta hori bakarrik egingo dugu kalera ateratzen bagara”. Zentzu horretan ELA eta LABek badugu beste eragile askorekin egindako programa soziala horretarako. Eta hirugarrenik uste dugu hemen aldaketa politiko eta soziala lortuko badugu burujabetza prozesua ireki behar dela. Argi dugu ezinezkoa zaigula gure bidea egitea PPk lideratuko duen Gobernu batekin. Guk murrizketa eta inposaketa berriak aurreikusten ditugu eta horren aurrean uste dugu “herri honek aurrera urrats bat eman behar duela eragile politiko sozial eta sindikalen ekimenez. Eta zentzu honetan eragile sindikal nagusiak ELA eta LAB gara eta aurrera urrats bat emanez gero aldaketa prozesu hori ireki eta ezurmamitzeko gai izango gara”.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.