2026-11-08
HomeEkintza PolitikoaEskatu dugu Nafarroako Gobernuak bere gain har dezala maskaren hondamendiaren erantzukizuna eta...

Eskatu dugu Nafarroako Gobernuak bere gain har dezala maskaren hondamendiaren erantzukizuna eta CENeko enpresaburuek zor dutena ordain dezatela

Gaur, Iruñean, Lan Departamentuaren aitzinean eta CENen egoitzan horma-irudi bana jarrita, salatu dugu “maskaren hondamendia” Nafarroako Gobernuaren kudeaketa klientelarrari zor zaiola, patronalari barra librea ematen baitiote. Enpresaburu horiek beren interes eta onurei bakarrik begiratzen diete, eta horiendako dena da negozioa. LABek uste du gauzen egungo logika hori aldatu beharreko errealitatea dela.

Maskaren hondamendiak —1,7 milioi maskara, 1,8 milioi euroko kostua dutenak, eta kutxa publikoari 1,24 milioi euroko galera ekarriko diotena— Geroa Bai eraman beharko luke, Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuko titularra baita, jarduteko modu horri buruzko hausnarketa sakona egitera.

Honekin dagoeneko bi dira egindakoak —Davalor kasuarekin batera—. Ez da onargarria gauzak egiteko modu hori, beti malgua enpresaburuekin neurri eta eskakizun guztietan. Iraina da Geroa Bai – EAJk orain, edo UPNk lehenago, enpresak erreskatatzea eta gehiengo sozialak erreskate hori ordaintzea. Kontrara, erreskataturiko enpresek etekinak ematen dituztelarik, onura horiek ez zaizkie langileei ailegatzen.

Maskaren hondamendia Sodenako jarduera orokorraren bertze adibide garbi bat da, eta, UPNren gobernupean ere, logika neoliberal bati erantzun izan dio beti: diru publikoa batere lotsarik gabe erabiltzea “enpresa-arriskua” zero kostukoa izan dadin enpresaburuendako, enpresaburuek ez baitute sekula inolako konpromisorik hartzen. Erraza baitirudi dirua arriskatzea diru hori publikoa denean.

Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (CEN) instituzioetan parte hartzen du bere postulatuak sutsuki defendatzen dituzten alderdi eta ordezkari politikoen bidez. Hala, aberastasuna modu bidezkoan banatuko lukeen ezein erreforma fiskal egiteko aukera blokeatzen dute, langile klasearem eskubideak mugatzen dituzten lan-merkatua prekarizatzeko legeak egiten dituzte, eta diru publikoko funtsak enpresaburuak —eta ez langileak— salbatzeko erabiltzen dituzte.

Enpresaburuek gutxi eta gaizki ordaintzen dute. “Enpresa-arriskua” deritzona guztion diru publikoaren bidez kolektibizatzen eta sozializatzen dute, eta ez dute gauza bera egiten etekinekin, beti bezala, esklusiban metatzen baitituzte. Eta, gainera, Gobernuak aldeko tratua eskaintzen die. Eskatu eta dena ematen zaie.

Beharrezkoa da modus operandi hori behingoz aldatzea, diru publikoaren kudeaketa gehiengo sozialaren eskubideak, lana eta bizitza duinak bermatzera bideratzeko. Enplegua eta aberastasunaren banaketa justua bermatzeko tresna eraginkorrak behar dira. Edo bertze era batera erranda: baztertu behar da enpresaburuen mesederako kudeaketa klientelar hori.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.